Bide berriak eraikitzeko topaketak
Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunaren atarian, Bagera elkarteak Donostiako Euskaltzaleen Topaketak (DET) egin ditu San Telmo Museoan. Hilabeteetako aurre lanketa izan duen egitasmoaren helburua da hiriko mugimendu euskaltzaleak bizi duen egoeraren diagnostiko bat egitea eta egungo erronkei aurre egiteko bide berriak identifikatzea.

“Nola gaude eta nola egin dezakegu aurrera?”. Horrekin laburbildu daiteke Bagera elkarteak duela bi aste antolaturiko DET topaketek erantzun nahi izan zuten galdekizuna. Ekitaldiak 50 bat euskaltzale donostiar elkartu zituen San Telmo Museoan, eta guztien artean, euskararen aldeko mugimenduak hirian bizi duen egoeraren eta etorkizunera begira dituen erronken inguruko hausnarketa sakona egin zuten.
Elkarteko kideek denbora luzea eman dute egitasmoa prestatzen. Duela urtebete hasi ziren euren ideia garatzen, eta maiatzean, hiriko auzoetako euskara batzordeekin eta norbanako euskaltzaleekin biltzera pasa ziren. Elkarrizketa horietan jasotako ekarpenekin, euskararen aldeko mugimendua bultzatu edo berraktibatzeko beharra zegoela berretsi zuten, eta horri bidea egiteko asmoz antolatu zituzten DET topaketak. Maddi Juanikorena eta Leire Murgialday Bagerako langileek azaldu dutenez, orain arte, euskalgintza modu “zurrunegian” ulertu da, gehiegitan euskal batzordeetatik, euskaltegietatik eta ikastoletatik harago joan gabe. Haien ustez, Donostian herri mugimenduetan aktibatzen diren foku euskaltzale asko daude, eta aniztasun hori artikulatzeak euskararen aldeko mugimenduari aukera eta indar ugari eskainiko lizkiokeela azpimarratu dute.
Biak buru-belarri aritu dira prestakuntza lanetan, eta pozik agertu dira herritarrek izandako parte-hartzearekin: “Ez genuen jende kopuru zehatzik espero, baina azkenean herritar dezente etorri ziren, baita gazteak ere, eta gogotsu ikusi genituen eztabaidan. Horrek erakusten du kezka bat zegoela, eta halako topaketa bat egiteko beharra nabarmena zela”.
Diagnostikoa, zortzi puntutan
Aurretik auzoetako euskara batzordeekin batera eginiko lanketari esker, Bagerak zortzi gai aurkeztu zizkien topaketetako parte-hartzaileei: mugimenduaren antolakuntza, parte-hartze eredua, harreman sareak, jendarteko sektoreak, eragiteko gaitasuna, diskurtsoa, hiri-eredua eta erakunde publikoekiko harremana. Zortzi gai horietan oinarrituta, herritarrek Donostiako euskaltzaleen mugimenduak bizi duen egoeraren diagnostiko bat osatu zuten euren ekarpenekin.
Mugimenduaren antolakuntza. Auzoetako euskara batzordeen eta egiten duten lanaren aitorpena egin ostean, herritarrek nabarmendu zuten auzo askok oraindik ez daukatela mota horretako espaziorik. Gainera, elkarte hauek saretzeko eta antolatzeko duten gaitasuna leku batetik bestera asko aldatzen dela ondorioztatu zuten.
Hitz gutxitan, Donostiako mugimendua “atomizatuta” dagoela ebatzi zuten. Juanikorenak azaldu duen modura, “euskaltzale pila bat daude leku askotan, baina ez dute elkar ezagutzen eta ez dute erronka komun bat partekatzen”.
Topaketetan, hutsune horrekin indarra galtzen dela ondorioztatu zuten, eta egoera aldatzeko, norbanako eta eragile guztien jardunaren bateratzea bermatuko lukeen espazio baten beharra dagoela azpimarratu zuten.
Parte-hartze eredua. Diagnostikoaren arabera, hiriko norbanako euskaltzale asko beste arlo batzuetako eragileetako kideak izan ohi dira, eta aktibazio puntuala eskatzen duten ekimen euskaltzaleetan ematen duten erantzuna oso indartsua da. Halakoetan, jendea mobilizatzeko gaitasun handia dago, eta parte hartzerako oso prest dauden boluntario asko aurkezten dira, baina horrek iraupen mugatua dauka.
Euskaraldiaren eta Korrikaren moduko ekitaldiak fenomeno horren adibide direla uste du Murgialdayk: “Euskararen egoerarekiko sentsibilizazioa duen jende asko dago, baina gero egunerokotasunean lanean ari den jendea oso urria da”.
Topaketetan, urte osoko jarduna duten taldeak sortu eta indartzeko beharrean jarri zuten fokua, gazteen errelebo falta nabarmena sumatu dutelako.
Harreman sareak. Mugimenduaren atomizazioak eragiten du tokian tokiko harreman naturalak sortzea, eta lotura horiek, estrategikoki, oso baliagarriak dira. Azken finean, auzo bateko eragile eta elkarteek eremu bera partekatzen dute eta une oro harremanetan daude, eta, horri esker, mugimenduen artean aliantzak sortzen dira.
Horren adibidea jarri du Juanikorenak: “Antiguan, esaterako, ez dago euskara batzorderik, baina Euskaraldia iritsi zenean, parte hartzaile gehien izan zituen auzoa izan zen. Zergatik da hori? Ba, hor euskaltzaleen artean bestelako sare natural batzuk daudelako, izan pertsonalak hala eragileen artekoak, eta horrek eragin zuzena du mugimendu euskaltzalean”.
Atomizazioa hiri mailan ulertzen dugunean, ordea, bakoitza bere eremutik irteten ez dela ondorioztatu zuten herritarrek. Alegia, sareak auzo askotan indartsuak dira, baina eskala handiago batean, ez.
Jendarteko sektoreak. Gizarteko sektore bakoitzak ezaugarri bereizgarriak ditu, eta horietan ere arreta jarri zuten topaketetan. Gazteei dagokienez, esaterako, ondorioztatu zuten ez dela bidezkoa mugimendu euskaltzaletik urrun daudela leporatzea. Izan ere, haienak propio diren guneak euskaltzaleak direla nabarmendu zuten. Juanikorenak azaldu duenez, “auzoetako jai batzorde gehienetan gazteak dira gehiengoa, eta euren dinamikak euskaraz egiten dira. Horrez gain, gazte mugimenduko eragileak euskaltzaleak dira, eta baita Piraten mugimendua ere”.
Hezkuntzaren sektorean, bestetik, gero eta gehiago sortzen ari diren guraso elkarteek eragiteko aukera berriak eskaintzen dituztela azpimarratu zuten. Eta lan munduari dagokionez, berriz, euskara atzean geratu dela ondorioztatu zuten, eta erdaldundua dagoen sektorean eragiteko beharra identifikatu zuten.
Eragiteko gaitasuna. Hiriko euskaltzaleek egun politika publikoetan eragiteko duen gaitasuna txikia dela argi ikusi zuten diagnostikoa egiterakoan. Arazo hori mugimenduaren atomizazioari egotzi zioten, erronka komun baten faltan, indarrak batzea zaila egiten delako.
Murgialdayk uste du oinarri sendo baten falta dagoela, «eta hori izan arte, gure borrokak nolabaiteko nebulosa batean sakabanatuko dira, bakoitza bere aldetik». Bere iritziz, presioa egin ahal izateko, ezinbestekoa da aurretik harreman sare indartsu bat osatzea.
Gainera, erakundeetatik harago,. gizarteko beste sektore batzuetan eragiteko beharra identifikatu zuten topaketetan, hala nola merkataritzarena eta ostalaritzarena.
Diskurtsoa. Mugimendu euskaltzaleak hizkuntza eskubideen urraketen inguruan konplexurik gabe hitz egin eta salaketak egiteko gai den subjektu bat behar duela ondorioztatu zuten herritarrek. Izan ere, une honetan, euskaldunen eskubideen inguruko diskurtso eraginkor baten falta dagoela zehaztu zuten.
Horrekin batera, aurreko belaunaldien inertzia batzuei buelta eman behar zaiela ikusi zuten. Juanikorenak Euskararen Egunaren adibidea jarri du, “folklorismorako joera” hartu duela nabarmenduz: “Egun horrek bestelako izaera bat izan dezake, adibidez, euskaldunon eskubideak defendatzera bideratua”.
Hiri eredua. Herritarren ustetan, udal politika kanpora begira daude, eta nabarmena da euskarak hirian gero eta ikusgarritasun txikiagoa duela. Diagnostikoaren arabera, hori ez da soilik turismoaren gorakadarengatik gertatu: Donostiak estrukturalki izan dituen aldaketek ere eragin zuzena izan dute euskalgintzan, topaguneak eta euskaldunak ziren komunitate eta saltoki txiki ugari desagertu egin direlako.
Gainera, arazo horri beste fenomeno bat gehitu dio Murgialdayk: “Auzo mailan geratzen diren gune euskaldunak ghetto bihurtzen ari dira. Parte Zaharrean, adibidez, giro euskalduna kale jakin batean kontzentratzen da”.
Erakundeekiko harremana. Topaketetan, mugimenduak erakunde publikoen dirulaguntzekiko menpekotasun handiegia duela ebatzi zuten, eta baita horren ondorioz autonomia galtzen duela ere.
Gainera, Euskararen Planak eta legeek herritarren egunerokotasunean beharko luketen isla ez dutela ondorioztatu zuten, hizkuntza eskubideen urraketek errealitate bat izaten jarraitzen dutelako. Donostian, eskubide horien bermatzailea izan beharko lukeen udalak bere erantzukizuna behar den modura betetzen ez duela zehaztu zuten topaketetako parte-hartzaileek.
Nola ekin hemendik aurrera?
Mugimenduaren diagnostikoak azaleratutako arazoei aurre egiteko ekarpenak jasotzeko asmoz, Bagerako kideek hiru galdera luzatu zizkieten topaketetan bildutakoei: Non eta nola eragin behar du mugimenduak?, Zein aliantza egin beharko lituzke?, eta, Nola antolatu behar dugu horretarako?.
Lan taldeetan banaturik, herritarrek galdera horiei erantzun eta hiru ondorio nagusitan laburbilduriko ekarpenak egin zituzten.
Batetik, arreta euskaldunengan jartzeko beharra azpimarratu zuten. Alegia, beste sektoreak ahaztu gabe, mugimenduaren lehentasuna euskara hitz egiten dutenen ahalduntzea izan behar duela ondorioztatu zuten. Juanikorenaren arabera, “euskaldunok gure eskubideez jabetu behar gara, eta horien alde lan egin behar dugu, euskaldun militantearen ideia berreskuratuz”.
Bestetik, zapalduak dauden hiriko beste sektoreekin aliantzak egitea elkarren artean indartzeko aukera on bat zela zehaztu zen topaketetan. Hiri ereduaren gaiari jarraituz, fenomeno berarengatik kolpatuak izaten ari diren sektoreek indarrak batu eta elkarrekin borrokatu dezaketela ebatzi duten parte-hartzaileek.
Azkenik, eragile euskaltzaleen arteko harreman ahula seinalatu zuten, eta egoera inbertitzeko bi bide proposatu zituzten: komunikazio bideak sendotzea edo hiriko mailako nukleo bat sortzea, mugimenduak hiri mailan dituen beharrak asetzeko gai izango litzatekeena. Horri behin betiko erantzun bat emate aldera, hilabete gutxira topaketa berri bat egiteko konpromisoa hartu zuten topaketetako parte-hartzaileek.
Laburbilduz, DET topaketetatik ateratako ondorio nagusia orain arteko inertziekin apurtzeko beharra dela ondorioztatu du Juanikorenak: “Noiztik ez da halako topaketa bat egin? Noiztik ez dugu hartu gaiaren inguruan elkarrekin eta patxadaz hausnartzeko une bat? Denbora luzez, bakoitzak bere inertziak jarraitu ditu, baina aurrera egiteko, ezinbestekoa da begirada altxatzea, eta baita elkarri begiratzea ere, bakarrik ez gaudela ikusteko”.
Inertziekiko haustura hori egiteko, berriz, topaketetan ezinbestekotzat jo zuten espazio berrietan orain arteko lan moldeak berrikustea eta moldatzea, eta Bagerako kideak ere zentzu berean mintzatu dira: “egungo erronkei aurre egiteko, borroka molde berriak behar ditugula argi ikusi dugu”.