Black Friday-ak ingurumena suntsitzen duela salatzeko manifestazioa egin dute, planetaren hileta irudikatuz
Fridays For Future plataforma ekologistak Black Friday-aren aurkako manifestazioa egin du Donostiako kaleetan, Lurraren hileta irudikatuz. Izan ere, “gizarte kontsumistak” eta Black Friday-aren moduko egitasmoek ingurumena gero eta gehiago suntsitzen dutela salatu dute, “behar ez ditugun milaka arropa eta telefono mugikor” erosten direlako, eta horiek ekoizten dituzten enpresek ingurumena suntsitu eta langileen eskubideak urratzen dituztelako. Horregatik, denak beltzez jantzi dira, eta planetaren hilkutxa irudikatzen zuen egurrezko pieza bat eraman dute Erdialdeko kaleetatik, tartean bi performance egin dituztelarik; lurrean etzan dira, kontsumismoak hil dituela irudikatuz, hain justu. Bestalde, bukaeran, Greenpace erakundeko kideak batu zaizkie, eta buruan jartzeko poltsa zuriak banatu dizkiete manifestariei, “kontsumismoak itsututa” daudela irudikatzeko.