Charo Martinez donostiarrak jasoko du Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria
2019ko Gipuzkoako Boluntariotzaren Saria jasoko du Charo Martinez Laskurainek. 25 urte eman ditu besteei laguntzen, eta bizimodu gisa ulertzen du boluntariotza Gipuzkoako Aldundiak adierazi duenez. Saria emateko ekitaldia abenduaren 4an izango da Foru Jauregiko Jargi aretoan, 18:00etan. Markel Olano ahaldun nagusiak emango dio saria.
Kaebnai kultur arteko elkarteak aurkeztu du Martinezen hautagaitza, bere irudiari balioa emateko eta “hurkoari lagunduz egindako ibilbide luzea aitortzeko asmoz”. Bere bizitzaren historia boluntariotzarekin lotuta dago. “Bere ibilbidean nabarmentzekoa da, batez ere, Ekintza Dasalud eta Lagael elkarteetan egindako lana; baina boluntario gisa egindako lana ez da puntuala izan, bere pertsonaren eta bere bizitzaren parte baita”.
Bide horretan, beti lagun izan ditu bederatzi lankide; bere bizitzan erreferente diren emakumeak, 1994tik elkarrekikotasunean lan egiten dutenak. Emakume horiek uste dute boluntariotzaren ahotsa eta ikusgarritasuna ezinbestekoak direla gobernantza eraldatzeko, eta gobernantza emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko tresna baliagarri eta eraginkorra izatea lortzeko.
Gaur egun Lagael elkartean jarduten da boluntario lanean intentsitate eta dedikazio handienarekin; elkarte hau emakumeen arretaz eta kudeaketaz arduratzen da, mendekotasunak dituzten emakumeen autonomiari laguntzeko, haiek ahaldunduz. Martinezek adierazi du beste emakume batzuengandik ikastea dela gehien atsegin duena, eta funtsezkotzat jotzen du generoan eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean trebatzea, boluntariotza beste ikuspegi batekin egiteko.
25 urte
Gipuzkoako Boluntariotza Sariak mende laurdena beteko du aurten; Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen duela 25 urte, Gipuzkoako Hirugarren Sektore Soziala osatzen duten pertsona eta erakundeen dedikazioa eta ekarpena aitortzeko asmoz. Azken edizioetako irabazleak honako hauek izan dira: AGIPAD (1999); ACASGI (2000); Gipuzkoako Pentsiodunen Elkartea (2001); Nagusilan (2002); Karitateko Alabak (2003); DEE (2004); CERMI (2005), Gipuzkoako Espetxe Pastoraltza (2006); Juan Maria Garitano (2007); Izan fundazioa – Gizakia Helburu (2008); Behar Bidasoa (2009); DYA Gipuzkoa (2010); Itxaropen Telefonoa (2011); Laringektomizatuen Elkartea (2012); Odol Emaileak (2013); Koldo Aulestia (2014); Gipuzkoako Elikagaien Bankua (2015); Hurkoa (2016), Atzegiko boluntarioak (2017) eta Jose Mari Soroa (2018).