Irrintzia, hizkuntzaz komunikatu ezin dena azaltzeko bidea
Euskararen Egunaren harira ‘Erraiak’ dokumentala Donostiara itzuliko da. Ekain Martinez de Lizarduyk (Donostia, 1980), duela urtebete estreinatu zuen irrintziaren inguruko ikus-entzunezko hausnarketa, eta Añorgan eta San Telmon izango da ikusgai.
Arteman agentziarekin batera sortu du Ekain Martinez de Lizarduyk Erraiak dokumentala. «Noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Nondik dator?», eta antzeko galderak erantzuten saiatu da Martinez de Lizarduy bere lanean. Duela urtebete estreinatu zuten, eta egileak «sorpresaz» hartu du jendearen erantzuna: «Leku askotan proiektatu dugu dokumentala, eta jende askoren erreakzioa oso berezia izaten da. Askok erraietatik bizi dute». Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, hamarnaka jarduera antolatu dituzte hirian zehar, eta, horietako bat da Erraiak-en proiekzioa. Hain zuzen, bi aldiz egongo da ikusteko aukera: alde batetik, azaroaren 30ean, larunbatean, Añorgako Rezola museoan egongo da ikusgai, 19:00etan; bestetik, abenduaren 1ean, igandean, San Telmo Museoan proiektatuko dute, 17:30ean, eta han izango da Martinez de Lizarduy, ondoren solasaldia egiteko.
Izenburuarekin bat eginez, erraietatik atera zitzaion egileari irrintziaren inguruko lanketa egiteko beharra. Hain zuzen, kide baten heriotzaren osteko ekitaldian kokatu du Martinez de Lizarduyk dokumentalaren jatorria: «Kide bat hil zitzaigun duela hamaika urte, eta gorpua hilerrira eramaten ari ginenean, bere amamak sekulako irrintzia bota zuen». Egoera hunkigarri hura «barru-barruan» gelditu zitzaiola azaldu du; duela bi urte, bere bikotekidearekin hitz egiten, irrintziaren inguruko sentsazio hura erraietatik azalera itzuli zitzaion, eta oihuaren inguruan idatzita zegoena begiratzen hasi zen.
Martinez de Lizarduy irakaslea da gaur egun, baina Antropologia ikasketak egin zituen aspaldi, eta onartu du beti izan duela «horrelako kultura adierazpenenganako» interes berezia.
«Material ugari topatzea espero nuen, baina harriduraz ikusi nuen ia ez zegoela ezer idatzita irrintziaren inguruan», kontatu du egileak. Martinez de Lizarduy irakaslea da gaur egun, eta Antropologia ikasi zuen aspaldi. Bere ustez, «hutsune handia dago irrintziaren ikerketaren inguruan».Egilearen arabera, Erraiak ez da ikerketa lan bat, «bilketa lan bat» baizik. «Aurkitutako gutxia bildu dut, eta nire hausnarketekin josi dut. Erraiak abiapuntu bat izatea gustatuko litzaidake, irrintziaren inguruan ikerketak egiteko», gaineratu du.
Irrintziak, funtzio ugari
Gehienok irrintzia jaiarekin eta pozarekin lotzen dugula uste du Martinez de Lizarduyk. Ordea, dokumentala egiteko prozesuan bestelako errealitate batekin egin du topo egileak. «Irrintziak hamaika funtzio izan ditzake, garaian garaikoa, eta ikusi dut funtzioz aldatzen joan dela», esan du. Hain zuzen, uste du funtzionalitatearen aldaketa horrek mantendu duela bizirik gaur egunera arte. Jose Migel Barandiaranek idatzitako mito batean, esaterako, sorginek egiten zuten oihu gisa agertzen da irrintzia. Beste hainbat funtzio ere egotzi dizkio egileak: gudariek egindako garrasia, abereei deitzeko erabilitakoa, eta abar.
Egileak nabarmendu du irrintzien transmisioan emakumeek izan duten papera. Hain zuzen, dokumentala egiteko, irrintzilari ugarirekin egon da, eta gehienak emakumeak direla azaldu du. «Beste batzuek kontatu didate imitazioz ikasi dutela irrintzi egiten, baina gehienek familiarengandik jaso dute», gaineratu du.
Irrintzia oso testuinguru berezietan agertzen den oihutzat du Martinez de Lizarduyk, eta Euskararen Egunaren atarian, hausnarketa egin du bien inguruan: «Euskara eta irrintzia, batera doazen bi lengoaia osagarri direla uste dut». Hau da, irakaslearentzat, irrintzia ez da hizkuntza bat, «guk ulertzen dugun moduan», hain zuzen, «hizkuntza bidez komunikatu ezin diren gauza asko komunikatzeko bidea» dela uste du.