Neguko Elurrak plana abenduaren 1ean abiaraziko du udalak
Neguko elurte eta izozteei aurre egiteko Elurrak plana aurkeztu du Donostiako Udalak, elurraren eraginak txikitzeko eta lehenetsi beharreko bide eta zerbitzuak ahalik eta azkarren berrezartzeko helburuarekin. Plana abenduaren 1etik martxoaren 31era egongo da indarrean, eta urtaro horretatik kanpo meteorologia baldintzek eskatuko balute, berriz aktibatuko lukete.
Horrela, su-itzalketa eta salbamenduko zerbitzuak, Udaltzaingoak eta Hiri Mantentze Zerbitzuak askotariko tamainatako 59 ibilgailu eta tresna dituzte, neguko meteorologiari aurre egiteko: Lau kamioi, hiru pick up, zazpi ibilgailu garbitzaile eta eskuz garbitzeko 45 tresna palarekin. Zazpi ibilgailu garbitzaileek, aurrean pala izateaz gain, izotza kentzeko gatza botatzeko depositua eramango dute atzean. Bestalde, udalak 55 tona gatz prestatu ditu negurako: 27 tona suhiltzaileen siloan, 25 tona Igarako Parke Mugikorrean, eta hiru tona FCCn.