Presondegi bat Prim kalean
36ko Gerrak iraun zuen bitartean, frankistek ehunka donostiar hartu zituzten preso. Horrela, Ondarretako kartzela txiki gelditu zitzaien, eta beste eraikin batzuk espetxe moduan erabiltzen hasi ziren, hala nola, San Jose babes-etxea.
Bi hilabete iraun zuen 36ko gerrak Donostian. Izan ere, herritarrek 1936ko uztailean militar kolpisten lehen erasoa etetea lortu bazuten ere, irailaren 13an hiria frankisten esku gelditu zen.
Egun hartan hasi zen frankisten errepresioa Donostian, eta atxiloketa masiboak egiten hasi ziren, inolako bereizketarik egin gabe. Ondarretako kartzela izan zen preso gehien hartu zituen eraikina, baina laster egin zuen gainezka. Horregatik, hiriko beste eraikin batzuk konfiskatzen hasi ziren kartzela gisa erabiltzeko: Infernuko Zapatari kuartela, Falangeren egoitza, Kursaal zinema eta Prim kaleko San Jose babes-etxea, besteak beste. Atxilotu horietako asko fusilatuak izan ziren ondoren.
San Jose babes-etxea –gaur egun ikastetxe bat da– emakumeen kartzela gisa erabili zuten. Ez dago espetxearen itxieraren data zehatzik, baina 1940ko hamarkadara arte zabalik egon zela uste dute historialariek. Ondarretan zeuden emakumeak hara eramaten hasi ziren, eta hainbatek han izan zituzten seme-alabak.
Pilar Garciandia tolosarra bi urte baino gehiago egon zen preso Ondarretako kartzelan, eta bederatzi hilabete San Jose babes-etxean. Noticias de Gipuzkoa hedabideak 2012an bere testigantza jaso zuen, eta zera zioen orduan espetxe bihurtutako babes-etxearen inguruan: “Azken solairua emakume presoentzat konfiskatu zuten. Batzuek haur jaioberriak zituzten, beste batzuk adinekoak ziren, eta baziren itzal handia zutenak ere. Baginen hamalau edo hamasei han”.