Dabadaba, atari zabaleko arte galeria bizia
Fede Sanchez artista donostiarraren ekimenez, kale arteaz jantzi dute aretoaren sarrera. Orain liburu batean bildu du bere proiektuaren prozesua.
Kale artean eskarmentu handia du Fede Sanchez donostiarrak, eta arte mota hau Donostiara ekarri du Dabadaba aretoan egin duen proiektuaren bidez. Atari zabaleko arte galeria bat sortzea zuen helburu, museo ireki bat, kalean. Jendea handik pasatzean hura ikusi eta han geratzea, arteaz gozatzeko. Mundaiz kaleko aretoa leku egokia iruditu zitzaion: “Kale artean zaude, eta bat-batean beste mundu batean sartzen zara. Bitxia da, Tabakaleratik 100 metrora dago, baina beste mundu bat da”.
Dabadabako arduradunekin eta inguruko bizilagunekin hitz egin eta gero, bere ideia aurrera eramatea lortu zuen 2016ko maiatzean. Bere ibilbide artistikoan zehar ezagututako sortzaileak gonbidatu ditu geroztik, aretoaren sarrera hormairudiz janzteko: Dourone madrildarra, Euskal Herriko Jokin Oregi eta Xabier Anunzibai, Kataluniako Cristian Blanxe…
Etengabe berritzen ari den espazio bizi bilakatu dute denen artean. Orain, prozesu hau guztia liburu batean bildu du, hemen egin den lana plazaratzeko: Tunel Dabadaba argitalpenean.