Donostia energia iraunkortasunetik "argi urteetara" dagoela salatu du Eguzkik
Gaur arratsaldean piztuko dira Donostian Gabonetako argiak, eta Eguzki talde ekologistak ohartarazi du ingurumen krisi betean udalak aurreko urteetan baino argi gehiago piztuko dituela. Eta argi gehiago erabiltzeaz gain, egun gehiago egongo direla piztuta.
Donostiako Udalak Vigo eta Madril imitatu nahi izan dituela uste du Eguzkik: “Jokabide horren bidez, alkate lotsagabeak dituzten Vigo eta Madril hiriak imitatu nahi ditu. Izan ere, alkate horiek energia xahutzeaz harro agertzen dira”. Eta gaineratu du: “Zertan da planetaren iraunkortasunarekiko kezka baldin eta energía-kontsumoa murriztu beharrean handitzen badugu, eta, gainera, horretaz harro agertzen bagara? Klima-larrialdia konpontzeko aldarrikatzen den ekonomia zirkularra, agian, bi noria instalatzean datza? Zertarako atzeratzen dugu ordua urrian?, abenduan energia gehiago kontsumitzeko?”
Donostiako Udala energia-iraunkortasunetik “argi-urteetara” dagoela salatu du Eguzkik, eta bere jokabidean kontraesanak daudela adierazi du: “Planetaren Egunean udalak ordubetez itzaltzen ditu argiak, bere konpromisoa erakutsi nahian. Ez al litzateke eraginkorragoa izango Eguberrietan argiak edo, behintzat, argiak pizteko egunak murriztea?”.
Iazko gabonetan lehen aldiz jarritako Alderdi Ederreko noria leku berera bueltatu da aurten ere, eta harekin batera, 8 x 12 metroko tamaina duen planetarium bat jarri dute udaletxearen terrazan. Aurtengo gabonetako argien aurtengo gastua 415.000 eurokoa izan da, eta gabonetako azokarena, berriz, 320.000 eurokoa. Guztira, hortaz, 734.000 euro gastatuko dira gabonetako apaingarrietan, baina Gascok azpimarratu du inbertsio hori neurri batean berreskuratuko dela, hainbat babesleren bidez 430.000 euro jasoko direla iragarriz.