'Euskara ibiltaria', euskal hizkuntzaren aberastasunaz jabetzeko erakusketa
Hizkuntza atlas bat zer den ikusteko aukera ere izango du bisitariak. San Telmo Museoko laborategian ireki dute eta otsailaren 23a arte izango da zabalik.
Euskaltzaindiaren Euskararen Herri Hizkeren Atlasa da erakusketa honen abiapuntua, eta argitalpenak bezala, helburua da euskararen aldarkotasuna eta aberastasuna erakustea. Honen bidez, XIX. eta XX. mendeko bizimodua, gizartea eta ohiturak ezagutuko ditu bisitariak.
Bost ataletan banatu dute erakusketa: tokiak, materialak, argia eta soinua, natura eta bizitza. Atlaseko mapen hautaketa bat erakutsiko da horietan. Horrez gain, jokoak, animazioak eta entzungaiak izango dira, herri hizkeren aberastasuna erakusteko.
Atlasaren proiektua 80ko hamarkadan abiatu zuen Euskaltzaindiak, ikerketa baten bidez. Euskal Herriko 145 inkesta puntu aukeratu zituzten, eta 5.000 ordutik gora elkarrizketa grabatu zituzten. Proiektu honen mamia gizarteratzeko erakusketa hau 2015ean antolatu zen lehen aldiz Beasainen. Lau urteren ondoren, Euskaltzaindia mendeurrena ospatzen ari den urtean, Euskara ibiltaria eraberritu du. Sarean ere ikus daiteke erakusketa, modu birtualean.
Erakusketaren harira, euskararen inguruko jarduera ugari antolatu ditu museoak.