Azken segundoan sarturiko hirukoitz batekin lortu du garaipena Ibaeta Basketek
Garaipen ezin estuagoa lortu du Ibaeta Basketek asteburuan La Seu d’Urgellen (Katalunia), eta ligako hamar jardunaldi igarota, sailkapeneko hamargarren postuan kokatu da, hiru garaipen eta zazpi porroteko balantzearekin. Donostiarrek modu paregabean hasi zuten neurketa, lehen zatian 18 puntuko partzial bat eginez. Partidak aurrera egin ahala, aldiz, katalanek indarrez erreakzionatu zuten, norgehiagoka orekatuz, eta bi taldeen arteko lehia erabakitzear egon zen azken minutura arte. Sei segundoren faltan, donostiarrak atzetik ziren 55-53ko markagailuarekin, eta orduan, neurketa amaitzear zela, Ariel Edwarsek urrutiko jaurtiketa bat egin zuen, azken segundoko hirukoitz batekin taldeari garaipena emateko.
Futbolean, Realeko mutilek garaipen sendoa lortu zuten larunbatean Eibarren aurka jokaturiko derbi gipuzkoarrean, eta neskek, berriz, gol banako berdinketarekin amaitu zuten Rayo Vallecanoren aurka Zubietan jokatutako neurketa.
Izotz hockeyan, Txuri Urdinen emakumezkoen taldeak garaipen erraza lortu zuen Jakaren kontra, eta gizonenak, aldiz, denboraldiko hirugarren porrota jaso zuen Bartzelonaren eskutik.
Hockeyan, azkenik, Realak ezin izan zuen gauza handirik egin Terrassan, eta sailkapenaren azpiko partean jarraitu beharko du beste astebetez.
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia
- Cadi La Seu 55 – 56 Ibaeta Basket
FUTBOLA
Emakumezkoen lehen maila, 11. jardunaldia
- Reala 1 – 1 Rayo Vallecano
Gizonezkoen lehen maila, 15. jardunaldia
- Reala 4 – 1 Eibar
IZOTZ HOCKEYA
Emakumezkoen senior maila, 10. jardunaldia
- Txuri Urdin 4 – 1 Jaka
Gizonezkoen senior maila, 11. jardunaldia
- Bartzelona 3 – 2 Txuri Urdin
HOCKEYA
Emakumezkoen Ohorezko maila, 6. jardunaldia
- Terrassa 4 – 1 Reala