Bed4U enpresak bi hotel berri irekiko ditu Donostian
Bed4U Nafarroako hotel kateak bi establezimendu berri irekiko ditu Donostian, hurrengo bi urteetan. Lehena Grosen irekiko dute, datorren urtearen bukaeran; bi izar eta 27 logela izango ditu. Bestea, ordea, tramitazioan dago, eta 2020ko lehen hiruhilekoan hasi eta 2021 bukaeran amaitzea aurreikusten dute, 100 logela inguru izango dituelarik. 2017tik hona hirian ireki diren hotelak hamahiru dira, eta kate nafarraren bi hotel berri horiekin, beste hamahiru izango dira hemendik 2021era irekiko direnak. Horietaz gain, beste hainbat proiektu tramitazioan edo aurreko faseetan daude oraindik.
Noticias de Gipuzkoa hedabideak bildutako datuen arabera, hemendik 2021era ateak zabalduko dituzte hotelen artean daude San Martin kaleko Zenit eta San Martin eta Hondarribia kaleen arteko izkinako Arbaso. Era berean, eraikuntza lanak aurreratuta daude San Bartolome kaleko Catalonia hotelean, Jai Alaiko Villa Eugenian, Frantzia pasealekuko Abban, Zubietako kalekoan eta Urbieta kaleko Arrizulean. Londres hotelak, gainera, 2020ko hasieran helduentzako boutique hotel bat irekitzeko asmoa du Zubieta kalean, eta Mercer luxuzko kateak Mirakontxako Itxas Gain etxean hotel berri bat irekiko du urtean zehar. Bestalde, The Student Hotel enpresak establezimendu berri bat zabalduko du Loiolako Erriberan, ikasleei zuzenduta egongo dena, nahiz eta edonor ahal izango den sartu. 325 logela izango ditu horrek, eta 2020an eraikitzen hastea aurreikusten dute, 2021ean inauguratzeko. Miramonen ere 80 logelako beste proiektu bat abiaraziko dute.