Groseko auzo elkartearen lokalean izandako eraso bat salatu dute
Joan den ostiralean, hilaren 29an, Hondarpe auzo elkartearen egoitzan izandako eraso bat salatu du elkarteak. Azaldu dute ate nagusiko sarraila baliogabetu zuela norbaitek, eta, ondorioz, lokala erabiltzen duten eragileak hura erabili ezinik geratu zirela.
Denbora gutxian, hainbat eraso salatu ditu Groseko auzo elkarteak, eta haien ustez, denek “elkarren arteko lotura” dute. Duela hilabete, ohar anonimo bat itsatsi zuen norbaitek auzo elkarteak Nafarroa Beherea plazan daukan ohar taulan. Erakusleihoan publikatutako “idatzi politiko guztiak” kendu ezean, “neurriak” hartuko zituztela adierazten zuen idatziak. Era berean, testuak jartzen jarraitu ezkero “dagokion zinegotzigoari” jakinarazpena egingo ziotela gaineratzen zuen. Duela bi aste, aldiz, oharrean jarritako “mehatxua” bete zutela jakinarazi zuen auzo elkarteak, hain zuzen, margo zuriz estalita agertu ziren erakusleihoko hainbat kartel.
“Badirudi auzoko hainbatek ez dutela gustuko herritarrak antolatu gaitezen, eta bestelako auzo askeago baten alde borroka gaitezen”, adierazi du auzo elkarteak. “Aurrekoan esan genuen moduan, halakoek gure lanaren beharra berresten dute. Guk lekurik ez dugula uste duten horiek dira lekuz kanpo daudenak”, gaineratu dute.