Donostiako Udalak 71 lanpostu publiko berri eskainiko ditu
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak 2019ko Lan Eskaintza Publikoa onartu du, eta 71 lanpostu aterako dituzte eskaintza horren bitartez. Udalaren bitartekotasuna %32ra murriztuko dute lanpostu berri horiei esker, izan ere, gaur egun %34koa da eta iaz %37koa zen. 71 lanpostu horietako 51 txanda irekian aterako dituzte, beraz, udaleko funtzionarioak ez direnek ere ahal izango dute parte hartu. Gainontzeko 20ak, aldiz, barne igoerako txandan aterako dituzte, hau da, jada udaleko funtzionarioak diren pertsonei daude zuzenduta soilik.
51 lanpostu horietako hautaketa egiteko, bakoitzaren berezitasunaren araberako tituluak eta euskara mailak eskatuko dituzte, eta hauek izango dira eskainiko dituzten postuak: hemeretzi administrazio orokorreko teknikari, erdi mailako hogei teknikari, goi mailako hamar teknikari –hiru arkitekto, bide ingeniari bat, enpresa mediku bat, komunikazio teknikari bat eta ekonomia ataleko lau postu–, udaltzain bat eta langile bat. Lanpostu guztietako %7, bost lanpostu, alegia, desgaitasunen bat duten pertsonentzat gordeko dituzte, eta %2, lanpostu bat, hain justu, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat.
Hiru urteko epe luzaezinean egingo dute lan eskaintza, eta udalaren webgunean edo udaletxean eman daiteke izena. Postuetan izena emateko prozesuak deialdi bakoitzeko oinarrietan kontsultatu daitezke, eta abian dauden hautaketa prozesuen inguruko abisuak jasoko dituzte parte-hartzaileek, hala nahi izanez gero. Era berean, hautaketa prozesua gainditzen duten, baina lanpostua lortzen ez duten pertsonak udaleko lan poltsa batean sartuko dituzte, gerora hutsik gera daitezkeen postuak betetzeko eta aldi baterako beharrei erantzuteko. Horrelako lan poltsak, gainera, eskatzen dituzten administrazio publikoei helarazten zaizkie, beraz, hor dauden pertsonak beste erakunde publiko batzuetan kontratatuak izan daitezke.