'Bortxatzaile bat zure bidean' performancea egingo dute Konstituzio plazan
Txileko Las Tesis kolektiboak azaroaren 25ean egindako performancearen bideoa birala bihurtu da azken egunotan. Taldeko lau kidek sortutako Bortxatzaile bat zure bidean abestian oinarritutako koreografia egin zuten hamarnaka emakumek Indarkeria Matxisten Kontrako Nazioarteko Egunean, eta lortu duen arrakastaren harira, mundu osoko herrialdeetan bide bera jarraitzeko deialdia egin dute.
Donostian ere egingo dute Txileko talde artistiko eta politikoaren Bortxatzaile bat zure bidean performancea, hain zuzen, ostiralean, hilaren 6an. Chilenos en Gipuzkoa taldeak deituta, eta Bortxatzailea zu zinen! lelopean, koreografia egingo dute Konstituzio plazan, 12:00etan. Aurretik, 11:00etan, entsegua egingo dute leku berean, eta antolatzaileek hainbat irizpide zabaldu dituzte parte hartzaileentzat: “Beltzez jantzita etorri; begiak estaltzeko oihal beltz bat ekarri; egin argazkiak eta bideoak, eta zabaldu itzazu; eta ahal baduzu, koreografia eta abestia aurrez prestatu itzazu”.