Arantza Urretabizkaiak Abbadia Saria jaso du
Abbadia Saria jaso zuen Arantza Urretabizkaia idazleak Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan. Udane Juaristi margolari azkoitiarrak okasiorako propio egindako obra jaso zuen Urretabizkaiak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiaren eskutik. Epaimahaiak idazleak egindako lana saritu nahi zian du, zehazki, “euskara aro modernora ekartzeko eta euskal literaturan emakumearen papera aldatzeko egindako” lanagatik. Era berean, bizitza osoan zehar euskararen alde egindako ekarpenagatik, eta euskara batua normaltzearen alde egindako guztiarengatik saritu dute idazle donostiarra.
Sari banaketaren ekitaldian, Urretabizkaiak solasaldia egin zuen Yolanda Arrieta eta Uxue Alberdi idazleekin, baita euskal literaturan aditua den Mari Jose Olaziregirekin. Marga Altolagirre aktoreak eta Mayte Rodriguezek musikariak girotu zuten saioa, eta Jaime Otamendi kazetariak aurkeztu zuen. Sarituaren ibilbidean mugarri diren izan diren izenburuen pasarteak ere irakurri zituzten: San Pedro bezperaren ondokoak (1972), Zergatik panpox (1979) eta Koaderno gorria (1998).
Aurtengoan ere, ordezkaritza zabala elkartu zuen Abbadia Sariaren ekitaldiak. Hain zuzen, erakundeetako, eta euskal kulturari, zein euskarari lotutako eragileetako 100 bat ordezkari izan ziren han, Urretabizkaiari “babesa” emateko: besteak beste, Imanol Lasa, Denis Itxaso, Aintzane Oiarbide, Rafi Romero eta Ainhoa Aizpuru diputatuak; Miren Azkarate eta Lourdes Oñederra euskaltzainak; Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea; Irene Larraza Etxepare Instituko zuzendaria; Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria; Josu Waliño PuntuEus fundazioko zuzendaria; Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordea; Rober Gutierrez Bai Euskarari elkarteko zuzendaria; Mariasun Landa idazlea; Aizpea Goenaga aktorea; Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia; eta Martxelo Otamendi kazetaria.
Olanoren esanetan, “askatasunari eta naturaltasunari eutsiz”, euskal literaturan “emakumeak duen presentzia eta iruditeria” aldatu egin ditu Urretabizkaiak bere obrarekin, eta “sormen bide horietatik” abiatu dira ondoren hainbat eta hainbat emakume idazle eta sortzaile. Diputatuaren ustez, horri esker emakume idazleen begiradak asko eman dio euskarari, euskal letrei eta “gure herriari”. Halaber, “sortzaile askeen” garrantzia azpimarratu zuen Olanok, “hizkuntza baten eta kultura baten arnasa” direlako. “Euskara lurralde berrietara eraman dute Urretabizkaia bezalako emakume idazleek”, gaineratu zuen.
Urretabizkaiaren konpromisoa nabarmendu zuen Diputatu Nagusiak: “Literaturan bezala kazetaritzan, euskal kultura eta euskarak defendatzaile jantzi eta aurrerakoia izan dute harengan. Ahoz eta ekitez. Bizitza konpromiso hori errekonozitzeko unea ere bada gaurkoa”.