EAEko elkarte errepublikanoek manifestaziora deitu dute abenduaren 6rako
Euskal Autonomia Erkidegoko elkarte errepublikanoek manifestaziora deitu dute abenduaren 6rako, ostiralerako. “Errepublika sozial eta nazio anitzaren aldeko” mobilizazioa Bulebarrean hasiko da, 12:00etan. 1978ko Konstituzioa onartu zenetik lau hamarkada igaro dira eta errepublikaren aldeko elkarteek adierazi dute trantsiziotik sortutako estatu eredua hautsita dagoela. “Konstituzioak inori bermatzen ez dizkion eskubideak adierazten ditu, hala nola, etxebizitza eta lan duina”, gaineratu dute.
Atzo eman zuten manifestazioaren berri, eta elkarteen bozeramaileek honakoa gogorarazi zuten: “Azken urteotan egin dugun bezala, Euskadiko talde errepublikanoak Konstituzioaren Egunarekin bat eginez mobilizatuko gara, gure garaiarekin bat datorren Konstituzio berri bat eskatzeko: Konstituzio errepublikanoa”. Elkarteen ustez “inoiz baino beharrezkoagoa” da errepublikaren aldeko aldarrikapenak egitea. Era berean, uste dute lau hamarkada eta gero, Espainiako Konstituzioa ez dela “gai izan” estatu osoan dauden arazo “larriei” irtenbideak eskaintzeko, besteak beste, langabezia, hezkuntza publikoa eta osasun unibertsalaren gisako “eskubideen hondatze geldiezina, askatasunak mozorrotzea, nazioen aitortzarik eza, ustelkeria, herritarrek erakundeekiko duten mesfidantza, genero desberdintasuna eta terrorismo matxista”.
Elkarte errepublikanoek adierazi dutenez, 1978ko Konstituzioa aldarrikatu zenetik lau hamarkada igaro ondoren, “Ez da gai izan Estatu osoan dauden arazo larriei irtenbideak eskaintzeko: langabezia, hezkuntza publikoa eta osasun unibertsala bezalako eskubideen hondatze geldiezina, askatasunak mozorrotzea, nazioen aitortzarik eza, ustelkeria, herritarrek erakundeetan duten mesfidantza, genero-desberdintasuna eta terrorismo matxista”. Horiek dira, mugimendu errepublikanoaren arabera, “Herritarrek egunetik egunera gordinago pairatzen eta jasaten ditugun arazoetako batzuk, gaur egungo konstituzioa ustez sagaratzen dituen eskubideak bermatzeko gai ez bada”.
Halaber, EAEko mugimendu errepublikanoak adierazi du Espainiako Konstituzioa ” elite ekonomiko eta politikoen pribilegioen berme gisa” erabiltzen dutela batzuek. Horregatik, “benetako irteera bat planteatuko duen esparru berri bat eta eredu berri bat” eratzeko beharra aldarrikatu dute.