Erraustegirako martxan parte hartu zutenen aurkako auzia salatzeko protesta egin dute
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, hainbat herritarrek elkarretaratze bat egin dute Donostiako epaitegiaren sarreran, iaz Zubietako erraustegirako martxan parte hartu zuten lau pertsonen aurkako epaiketa salatzeko. Ertzaintzak jarri du haien kontrako salaketa, eta desordena publikoak eragin izana leporatzen diete.
Haietako bi pasa dira gaur epailearen aurretik, eta biek adierazi dute haiek martxan parte hartu zutela, baina ez zirela antolatzaileak izan eta ez zutela leporatzen dieten hori egin.
Atera dira bi ikertuak. Epaileari esan diote haiek martxara joan zirela baina ez zirela antolatzaileak.@ErrausAurkMugi-k jakinarazi du akatsa zegoela deialdian. Ez dira 3 kontzentrazio, 2 baizik. Hurrengo ngoa urt9.
— Lander Arbelaitz (@larbelaitz) December 4, 2019
Pozik zeuden elkartasuna adieraztera jendea hurbildu delako.
Erraustegiaren aurkako mugimenduak adierazi du auzi honen atzean erraustegiaren aurkako protesta soziala zigortzeko borondate bat dagoela. Hori salatzeko, gaurko protestaz gain, beste elkarretaratze bat egingo dute urtarrilaren 9an, 10:30ean, epaitegiaren aurrean.
Martxa 2018ko irailaren 29an egin zuten, protesta modura, Zubietako erraustegira heltzeko asmoarekin. Bi zutabetan banaturik, ehuna herritarrek egin zuten mendian gora, buzo zuriak jantzita. Goran, ordea, Ertzaintzaren dispositibo polizial handi batekin egin zuten topo, eta ezin izan zuten aurrera egin. Hainbat minutuz hor egon ostean, poliziak herritarrengana jo zuen azkenean.
Irutxuloko Hitzak bideo eta argazkietan jaso zituen egun hartako irudiak: