Gaur jarriko dute salgai Kultura Bonua, hiriko 24 saltokitan kontsumitzeko

Hontza liburu dendan aurkeztu zuten atzo aurtengo Kultura Bonuaren kanpaina. Bosgarrenez martxan jarri du egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta, guztira, 8.854 kultura bonu jarriko ditu salgai gaurtik aurrera. Askatasuna opari lelopean, kanpainak euskarazko 3.542 kultur produktu, eta beste hizkuntzetako 5.312 produktu erosteko aukera eskainiko die gipuzkoarrei. Bonuak urtarrilaren 15a arte erabili ahal izango dira.
Egitasmoaren helburua da “herritarrek kultur ondasun eta produktuak eskuratzea”. Honela azaldu zuen aurkezpenean Denis Itxasok, Gipuzkoako Kultura diputatuak: “Egitasmo honen bidez, kultura ondasunak eta produktuak eskuratzen lagundu nahi diegu herritarrei, eta, era berean, kultura sektoreko enpresak indartu nahi ditugu, baita banaketa artistikoaren eta kulturalaren merkatua dinamizatu ere”. Bonua eskuratzen dutenek, 12 eurorainoko beherapena sortuko dute euskarazko produktuetan, eta 8 eurorainokoa gainerakoetan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, deskontuak aplikatuko dira 20 eurotik gorako erosketatan.
Kultura Sailak 500.000 euroko partida bideratu du Kultur Bonua finantzatzeko, eta orotara, Gipuzkoako 26 herritan erabili ahal izango da. Donostian, 24 establezimendutan izango du erabilgarritasuna. Programari atxikitako establezimendu guztiek bereizgarri bat izango dute, bonua erosi nahi dutenek erraz ezagutu dezaten, eta urtarrilaren 15era arte erosi den establezimendu berean kontsumitu beharko da.
Bonuarekin liburuak (testuliburuak, ikasketetakoak eta profesionalak izan ezik), musika (edozein euskarritan) eta filmak erosi ahal izango dira, eta honako estekan ikusi ahalko dira programarekin bat egin duten saltokien zerrenda.