Morlans, Amara eta Amara Berriko auzo elkarteek parte-hartze aktiboa izan nahi dute metroaren urbanizazio proiektuan
Morlans, Amara eta Amara Berriko auzo elkarteek ohar bateratu bat zabaldu dute auzotarrek “Amara-Easoko trenbide-hondartza” urbanizazio proiektuan parte-hartze aktibo bat izan dezatela eskatzeko. Azaldu dutenez, urriaren 29an elkarte bakoitzak bilera bana eskatu zieten udalari eta Euskal Trenbide Sareari, guneko urbanizazio-planen inguruko iritziak ezagutu eta partekatzeko asmoz, baina bizilagunek ez dute oraindik inolako erantzunik jaso. Hori dela eta, Eusko Trenbide Sareak urbanizazio-proiektu berriari buruz abian jarri duen kanpainak “harritu” egin dituela azaldu dute auzotarrek.
Proiektua osatzen duen eremu osoa auzoarentzat “potentzial handikoa” dela kontuan hartuta, aipatutako elkarteek proiektuan “parte aktiboa” izan nahi dutela adierazi dute: “Uste dugu beharrezkoa dela, aurtengo urtarrilean partaidetza-zinegotziak proposatu zuen bezala, herritarrek parte hartzeko prozesu bat irekitzea, eremu horretan parte hartzen duten auzotar guztiek gune horren okupazioan ditugun lehentasunak azaldu ahal izan ditzaten”.
Auzotarren parte-hartzea “proiektuaren deriba espekulatiboak saihesteko” eta “metro koadro horiek aisialdirako espazio publikoetan inbertitzea defendatzeko” baliatu nahi dute. Zentzu horretan, “auzoetako egunerokotasunean bizi garen herritarrentzako espazioak” nahi dituztela azpimarratu dute, esaterako, kirola egitekoak, adin tarte guztientzakoak, eta kultura, sorkuntza eta pentsamendua sustatzeko balio dutenak.