Tolosa hiribidea asfaltatzen hasi dira, eta gutxi gelditzen da obrak bukatzeko
Donostiako Udalak jakinarazi duenez, Tolosa hiribidea asfaltatzen hasi dira. Urri hasieran, Dbus eta Lurraldebuseko gidariek protesta egin zuten errepidearen egoera eta erakundeen utzikeria salatzeko. Urriaren 22an hasi zituen udalak lanak, eta jakinarazi dute “erritmo onean” ari direla lanean inguru horretan. Azken egunetan eguraldi ona izan denez, eta obren eremua erabat lehortu denez, gaur ekin diote asfaltatzeari. Datorren astean obraren zatirik handiena egina izango dela aurreikusi du udalak.
Gune Publikoetako zinegotziak, Marisol Garmendiak, obra bisitatu du gaur, eta adierazi du “gogotik ari direla lanean, denbora irabazteko; izan ere, obrak gelditu egin behar izan dituzte, azken asteetan izandako euriteen ondorioz”. Hori dela eta, espero dute gaur eta bihar aplikatzea asfaltozko lehen geruza, bihar eta etzi bigarrena, eta, azkenik, asteburuan, errodadurakoa. Horrela osatuko dute jarduera, eta, amaitzeko, seinale horizontalak eta erreiak pintatuko dituzte.
Hala ere, zinegotziak jakinarazi du obraren zati bat geldituko litzatekeela amaitzeko. Jarduerak Tolosa hiribidearen % 80 hartzen du. Honela azaldu du Garmendiak: “Teknikariek hala adierazita, 30 metroko tarte bat utzi zen Europako biribilgunearen ondoan, Tolosa hiribidetik doazen autobusentzako geralekuak jartzeko, batez ere unibertsitate campusaren eremuan”.
Hiribidearen azken zati horri datorren astetik aurrera ekingo diotela azaldu dute, “betiere eguraldi ona bada”. Horregatik, “ezin izan dituzte erabat zabaldu hiru erreiak ibilgailuentzat, eta hiribidearen erdian, gutxi gorabehera, trafikoa berriro pilatuko da, azken tarte horretan errei bakar batera ekarri arte”, adierazi du Gune Publikoetako zinegotziak. Hortaz, astelehenetik aurrera, Tolosa hiribideak errei bat gehiago izango du, eta errei hori estutuz joango da azken zatian.