Eva Villar artistak 'Exposicion por cese' interbentzio artistikoa egingo du Semillas Elosegui dendan

Abenduaren 12an, 19:00etan, inauguratuko du Eva Villarrek Exposición por cese interbentzio artistikoa Parte Zaharreko Semillas Elosegui hazi-dendan. Donostian ateak itxiko dituzten edo itxi dituzten saltoki txikietan interbentzio artistiko eta azalpenezkoak egiten ditu Villarrek Exposición por cese proiektuan, memoria hari moduan erabiliz eta saltoki horiek aldarrikatuz.
Hiriko denda historikoak omentzen ditu proiektuak, eta kontsumo gizartea, indibidualismoa eta gaur egungo bizitzeko erak kritikatzen ditu. Saltoki horien erakusleihoan egiten du Villarrek bere performancea, eta euren lanarekin konprometituak dauden hainbat artistaren obrak jartzen ditu dendaren barruan.
Iaz itxi zuten Casa Susperregi lentzeria denda, eta performancea egin zuen han Villarrek. Semillas Eloseguik urtea bukatu aurretik itxiko ditu ateak, ehun urte baino gehiago funtzionamenduan egon ondoren.