'Zizelkariak' dokumentala aurkeztuko dute abenduaren 12an

Tuteran aurkeztu zuen joan den larunbatean Topatuk bere azken dokumentala: Zizelkariak. Horrela, aurkezpen birari hasiera eman dio lan taldeak, eta Donostian aurkeztuko dute abenduaren 12an, Kijera gaztetxean 18:30ean. Euskal Herriko periferiak erdigunera ekartzeko asmoz, sei gazteri eman die ahotsa Topatuk ikus-entzunezko proiektuan, eta ekoizpenak sortutako gastuei aurre egiteko crowdfunding prozesu bat jarri dute martxan.
Hortaz, Euskal Herriko “periferietan, ertzetan”, gazte mugimenduetako hainbat arlotan borrokan ari diren sei gazte elkarrizketatu dituzte, eta haien kontakizunak jaso dituzte dokumentalean. Honakoak dira dokumentalaren protagonistak:
- Maika Alfaro, Alduden bizi eta lan egiten duen gaztea. Aldudeko ibarra bizi eta gazte ikusi nahi luke. Despoblazioaz, etxe hutsen auziaz eta herri txikietan saretzen diren harremanez hitz egingo du.
- Edurne Sanchez Leon, Tuterako mugimendu feministako kidea. Feminismoaren beharra euskaldun gisa jasaten zuen zapalkuntzatik sentitu zuen. Erribera Intsumisa taldeaz eta feminismotik Euskal Herria eraikitzeaz arituko da.
- Ibai Osinaga Gogorcena, Irunberriko musikari gaztea. Gitarra eskutan duela begiratzen dio bere inguruari. Gubia eta mingaina zorroztuta mintzatuko da; musikan gazte hasteaz, Euskal Herriko eszenaz eta Irunberritik euskaraz kantatzeaz.
- Arkaitz Lopez Sanchez, Mamariagako gazte langilea. Ezkerraldetik begiratzen dio Euskal Herriari. Desindustralizazioaren ondorioz, gazteon lan prekarietateaz eta antolatu eta saretzeko beharraz arituko da solasean.
- Jon Marauri Aranburu, Moretako gaztea. Jai herrikoiak antolatzen hasita Arabar Errioxako gazte asanblada sortu zuten, ingurua eraldatu eta euskaldundu nahian. Turismoaz, ardoaren ekoizpenak sortzen duen prekarietateaz eta etorkizuneko ametsez mintzatuko da.
- Martta Irigoien Arrabit, Arberatzeko gaztea. Diglosiaren ondorioak bizi ditu. Libertimenduan parte hartuz, kolektiboan euskara Amikuzeko paisaian gorpuztu nahi izan du. Aldaka gaztetxean ere euskararen eta kulturaren aldeko borrokan dihardu.