Bi Bemol bikoteak irabazi du Buskers kaleko musikaren jaialdia
Ostegunean, hilaren 5ean, egin zuten Donostiako II. Buskers kaleko musikaren jaialdiko finala, eta Bi Bemol bikotea izan da aurtengo irabazlea. 1.200 euroko saria irabazi zuen bikoteak, erdia Rock Music dendan erosteko txartel batean. Maria Martinez bakarlariak eskuratu du bigarren saria, 800 eurokoa, honen erdia ere denda berean erosteko txartela batean. Hirugarren saria, 500 eurokoa, aldiz, Iker Gutierrez bakarlariak irabazi du. Musikaren munduko pertsonek osatutako epaimahai ofizialak eman ditu lehen bi sariak, eta jaialdiaren lehen fasean parte hartu duten ostalariek hirugarrena. Hiru saridunez gain, Filipe Court eta Olaia Toral bakarlariak aritu ziren finalean, eta Gatxupa eta Gerald’s jatetxeetan bi pertsonentzako bazkari edo afari bat eskuratu dute.
Urriaren 10etik 13ra egin zuten jaialdiaren lehen fasea, eta Gipuzkoako hogei bikote edo bakarlarik Donostiako hainbat auzotako tabernatako terrazetan jo zuten. Aipatu bost bakarlari edo bikoteak finalerako hautatuak izan ziren, eta Gabonetako azokan egin zuten.