Erresistentzia herritarra Amaran
Franco, Mola eta Sanjurjo militarrak Espainiako Errepublikaren aurka altxa eta egun gutxira saiatu ziren Loiolako kuarteletako militarrak Donostia hartzen, baina herritarrek erresistentzia gogorra egin zieten Larramendi kalean.
Loiolako kuarteletako militarrak 1936ko uztailaren 20an batu ziren estatu kolpe frankistara, Jose Vallespin teniente-koronela eta Leon Carrasco gobernadore militarra buru zituztela. Donostiako gune garrantzitsuenak hartzeko asmoz, bi zutabe atera ziren Loiolatik: Lehenengoa Urumea ibaiaren ertzetik joan zen, Maria Kristina hotela hartuz, besteak beste. Bigarrena, aldiz, Urbieta kaletik joan zen, eta ez zuen bere helburua lortu.
Izan ere, CNT sindikatu anarkistak Amarako Larramendi kalean zuen egoitza, eta han barrikadak jartzen hasi ziren, sozialista batzuen eta ANVko kide batzuen laguntzarekin. Eskura zituzten ehiza eskopeta eta pistolekin armatu zituzten herritarrak, eta inguruko eraikin batzuetan lubakitu ziren. Bestalde, zelatariak jarri zituzten Moraza, Urbieta eta Larramendi kaleetako teilatuetan, etxean egindako lehergailu eta botila su-eragileekin.
Kolpistak 4:30ean sartu ziren Urbieta kaletik, baina Moraza kaleko milizianoak tiroka hasi zitzaizkienez, inguruko kaleetako eraikinetan sartzen hasi ziren, baina horietan ere milizianoek aurre egin zieten. Militarrek Amarako parkeraino (gaur egun Araba parkea) atzera egin behar izan zuten, eta morteroekin bonbardatu zituzten barrikadetakoak.
Milizianoak muniziorik gabe gelditzen ari zirenez, Antiguako Guardia Zibilaren kuarteletik granadak eraman zituzten, eta horiekin egin zieten aurre militarrei. 9:00ak aldera, trenez heldu zen Amarara Eibartik zetorren miliziano zutabearen parte bat, eta kolpistak Loiolako kuarteletara ihesarazi zituzten. Era berean, zutabearen beste partea Aldapetatik sartu zen, Internazionala abesten. Etxeetan gelditzen ziren militarrek Maria Kristina hotelera joatea erabaki zuten orduan. Loiolako kuartelen setioa hasi zen hurrengo egunetan, baina Amarako frontea erabakigarria izan zen frankisten lehen erasoari eusteko.