Kaleratzeak Stop plataformak Rural Kutxa bankua auzitara eramango du
Kaleratzeak Stop plataformak agerraldia egin zuen atzo, abenduaren 5ean, Donostian, Rural Kutxa bankua demandatu duela azaltzeko, “Guindos dekretua” urratzeagatik, EAEko horrelako lehen salaketa. Izan ere, plataformaren arabera, Banku Praktika Onen Kodeko kalteberatasun baldintza guztiak betetzen dituen familia pasaitar bati 2018tik hipotekaren kuota murriztu bat ordaintzea ukatu diote.
Adin txikiko lau seme-alaba dituen familia horrek 142.000 euroko hipoteka bat sinatu zuen 2008an, eta ezin die hilabeteko 683,78 euroko kuotei aurre egin. Kaleratzeak Stopek azaldu duenez, bankuak ez zion esan familiari bost urteko kuota murrizketa bat eskatu zezakeela, eta plataformaren bitartez eskatu zutenean ukatu egin zieten.
Era berean, plataformak eskatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bozeramaileen Batzordeak ostegunean adierazpen instituzional bat egin zuela nabarmendu dute. Adierazpen horren bitartez, bankuei aipatu dekretua betetzeko eskatu die batzordeak, baita Higiezinen Kredituen legeak dioen moduan, hamabi kuota edo gehiago zor dituzten eta egoera zaurgarrian dauden familiekin kuota murrizketak sinatzeko eta kaleratze demandarik ez jartzeko ere.