Lau pertsona erietxera eraman dituzte eta familia bati ostatua eman behar izan diote, Egiako sutea dela eta
Atzo, hilaren 5ean, sute bat piztu zen Egian, Mundaiz pasealekuko 10 zenbakian. Donostiako Udalak azaldu zuenez, sei edo zazpi pertsona leihotik atera behar izan zituzten suhiltzaileek, eta lau erietxera eraman zituzten, kea arnastu izanagatik. Era berean, emakume batek eskuan erredura arinak izan zituela eta han zegoen familia bati hotel batean ostatua eman ziotela jakinarazi zuten.
Udalak eman duen azken informazioaren arabera, su hartu zuten lokaletako jabeak goizean sartu dira hara, suhiltzaileek arriskurik ez zegoela baieztatu ondoren. Ke usaina eta errautsak daude, eta sutea zerk eragin zuen argitzeko ikerketak zabalik jarraitzen du. Bestalde, aipatu familiak hotelean jarraitzen du momentuz.