"Nuklearren aurkako borroka irabazi egin zen, eta egun hori kontatu beharra dago"
Abenduaren 12an ‘Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa’ dokumentalaren aurkezpen ofiziala egingo dute Donostiako Antzoki Zaharrean. Filmak Euskal Herriko mugimendu antinuklear eta antimilitaristaren historia errepasatzen du, Gladys del Estal militante donostiarraren bizitza oinarri gisa hartuta. Dokumentalaren gidoia Sabino Ormazabalek idatzi du, eta Bertha Gaztelumendik zuzendu du.
Del Estalen heriotza gertakari zentral gisa hartu duzue Euskal Herriko mugimendu antinuklear eta antimilitaristaren historia kontatzeko. Zergatik?
Sabino Ormazabal (S.O.): Estatuak Gladys biktima moduan aitortu behar duela aldarrikatzen dugulako. Dokumentalak transmisio funtzio bat dauka, egungo belaunaldiek hemen gertatu izan dena ikus dezaten, baina Gladys biktima bat dela azpimarratu nahi du ere. Nola ez, hori guztia kontatzeko, testuingurua eskaini beharra dago eta, horregatik, bere heriotzaren aurretiko hainbat gauza ere aipatzen dira, hala nola Hiroshima eta Nagasakiko bonba nuklearrak.
Zer nolako testuinguruaz ari gara?
Bertha Gaztelumendi (B.G.).: Mugimendu horiek 1960ko hamarkadan errotuta zeuden, Parisko maiatzean eta abar, eta hortik datorkie naturarekiko interesa. 1970eko hamarkadan zentral nuklearrak agertzen hasi ziren, eta baita horien aurkako desadostasun indartsu bat ere, Euskal Herrian zein munduan. Gainera, gauzak egiteko modu berriak sortu ziren, protestak aldatuz eta sormen handiko ekimenak eginez. Bestelako filosofia bat zen, natura babestearen aldekoa, eta baita bestelako gizarte bat aldarrikatzen zuena.
S.O.: Gaur egun ezagutzen dugun ekologismo modernoa garai horretan sortu zen. Alaskan entsegu nuklearrak egiten hasi zirenean, ekintzaile batzuk barku bat hartu eta itsasora joan ziren proba horiek gelditzeko asmoz. Barku hori Greenpeace deitzen zen. Probak ez zituzten gelditu, baina guk egun ezagutzen dugun ekologismoak bere jatorria du hor.
Bi borrokak bat egin zuten mugimendu berean: antimilitaristak eta antinuklearrak.
S.O.: Hasieran, proba horiek bonba nuklearrak sortzeko egin zituzten, eta hemen ere Franco saiatu zen berea egiten, baina ez zuen lortu. Garrantzitsua da gauzak bere osotasunean kontatzea, mugimendua nolakoa izan zen ulertzeko. Darwinek zioen modura, “dena konektatuta dago”.
Garai hartan sortu zen Donostiako lehen talde ekologista, Egian, Gladysen auzoan. Hor ezagutu genuen elkar, eta mugimendua ez zen soilik, ekologista, antinuklearra eta antimilitarista; bestelako mundu bat aldarrikatzen zuen.
Garai hartan ekintza ugari egin ziren Donostian. Hiriak presentzia handia du dokumentalean?
B.G.: Ez ditugu gauza gehiegi aurreratu nahi, baina bai, Donostiak badu bere presentzia filmean.
S.O.: Horregatik, Antzoki Zaharrean egingo dugun estreinaldiaz gain, Egian Gladysen omeneko beste emanaldi bat egiten saiatuko gara.
Zein material erabili duzue dokumentala osatzeko?
B.G.: Sabinok material asko zuen bere etxean, berak artxibatua eta sailkatua dena, eta hortik argazki dezente hartu ditugu. Horrez gain, bilaketa sakona egin dugu, eta hainbat harribitxi topatu ditugu horri esker, hala nola Super-8 formatuan grabatutako bideoak.
Gainera, 33 elkarrizketa egin ditugu, mugimenduan zeuden ahots guztiak islatu nahi genituelako. Gertatutakoa barrutik kontatzeko, alegia.
S.O.: Egiako Gordegiarekin ere harremanetan egon gara, eta bere kideek dokumentalean agertzen diren hainbat irudi eskaini dizkigute.
Del Estalen erailketatik 40 urte igaro dira. Zergatik egin hau orain?
B.G.: Gure historia kontatzeko beharra dago. Gizarte mugimendu hau hain indartsua izan zen, kontatu beharra zegoela, eta gure ondorengoek jakin behar dute hori ere gertatu zela. Denbora luzea generaman dokumentalaren ideiari bueltak ematen, batez ere Sabinok, eta behar horri erantzunez, azkenean martxan jarri ginen.
S.O.: Ez dena kontatzen ez da existitu. Ikusi genuen material asko zegoela, eta honek mugimenduak nola funtzionatzen zuen erakusten zuela: erabakiak hartzeko moduak, lurraldeko herri guztietan zuen presentzia… Badira hori guztia kontatzeko arrazoi asko, eta bat oso nabarmena da: irabazi egin zela.
Gainera, gure inguruan gaiari buruz idatzi den gehiena ETArekin lotutako gauzak dira, eta dena ez da ETAtik pasatzen. Guk gertatutakoa kontatzen dugu, eta hor ETA ere badago, baina historia hau kontatzeko ez da hortik abiatu behar.
B.G.: Azkenaldian gizartean badago nolabaiteko galtzaile sentsazio bat, krisialdiaren ondorioz edo sortu dena. Askok pentsatzen dugu: “Zer egingo diogu? Gauzak horrela dira!”. Ba, garai hartan, gizartea aldatu genezakeela pentsatzen genuen, eta beste mundu bat lortzeko borrokatzen genuen, posible zelako. Eta ikuspegi hori gaur egunera ekartzea funtsezkoa dela iruditzen zait. Sabinok esan duen modura, zentral nuklearren aurkako borroka irabazi egin zen, eta hori kontatu beharra dago.
Azaroaren 12an dokumentalaren aurrestreinaldia egin zenuten Zinebin. Zer nolako harrera izan zuen?
B.G.: Oso ondo joan zen, aretoa ia bete genuen, eta proiekzioaren amaieran jendeak txalo zaparrada izugarria eskaini zigun. Gainera, jende askok hartu zuen parte ondorengo solasaldian, euren gogoetak eginez.
Asteburuan Durangon aurkeztuko duzue eta hurrengo astean, berriz, Antzoki Zaharrean. Non ikusi ahal izango da hortik aurrera?
S.O.: Datozen hilabeteetan zehar herriz herriko bira bat egingo dugu, eta, besteak beste, Okendo kultur etxetik pasako gara urtarrilean. Hori amaituta, bigarren fase bat abiatuko dugu, zinema jaialdiekin eta DVD-arekin, eta Euskal Telebistan ere ikusi ahal izango da.