EH Bilduk osoko zuzenketa bat eta 88 zuzenketa partzial aurkeztu ditu udal aurrekontuetarako
EH Bilduk Donostiako Udaleko 2020ko aurrekontu proiektuarentzat osoko zuzenketa bat eta 88 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, 14 milioi euroko partiden bitartez. Proposatu dituzten neurrien artean daude, besteak beste, 2,5 milioi euro bideratzea etxebizitza babestuak egiteko lursailak erostera, 1,85 milioi euro bideratzea Jose Elosegi hiribidea bulebarizaziora, 315.000 euro Intxaurrondoko barne-autobus batera eta 1,5 milioi euro udalaren adjudikazioen gutxieneko soldata 1.200 eurokoa izango dela bermatzera.
Zuzenketa horietaz gain, bi milioi euro hutsik dauden etxebizitzak erosi, zaharberritu eta alokairuan jartzeko erabiltzea proposatu dute, baita hutsik dauden etxebizitza horiek izendatzeko 150.000 euro bideratzea ere. Era berean, aipatu Jose Elosegi hiribideko lanetaz eta Intxaurrondoko autobusaren proiektuaz gain, Ekialdeko Barrutirako hainbat zuzenketa proposatu dituzte, hala nola, auzo horietako sustapen ekonomikoa bultzatzeko bulego baten sorrera (50.000 euro), Pikabeako eta Oletak irisgarritasuna hobetzeko eta puntu kritikoak ezabatzeko planak garatzea (90.000 euro), erosketak etxera eramateko programa pilotu bat abiaraztea (50.000 euro), Julimaseneko pasarela berritzea (90.000 euro) eta Josu Artetxe plaza estaltzea (500.000 euro).
Babes sozialean, udalaren adjudikazioen soldata minimoaz gain, etxerik ez duten pertsonei baliabide gehiago emateko 150.000 euro bideratzea proposatu dute, eta beste 150.000 euro zaintza sektorearen mahaia abian jartzera bideratzea.
Berdintasun arloan, proposatu dute lehen eta bigarren hezkuntza (batxilergoa barne) indarkeria matxistaren aurkako ikastaroak emateko 100.000 euro erabiltzea, indarkeria matxista jasan duten pertsonentzat etxebizitza gehiago lortzera 60.000 euro bideratzea, hiriko puntu kritikoak ezabatzera 100.000 euro bideratzea (udal gobernuak 30.000 euro bideratzea aurreikusi du) eta 50.000 euro udal langileei indarkeria matxistaren inguruko formakuntza emateko erabiltzea.
Klima aldaketa ere jorratu du EH Bilduk, eta gaur egungo egoera diagnostikatzera eta legedia aldatzera 60.000 euro bideratzea proposatu du, 30.000 euro “prozesu parte-hartzaile erraldoi” bat sortzeko erabiltzea eta beste horrenbeste prozesu hori garatzeko. Era berean, 30.000 eurorekin errefus ontziei txipak jartzeko proposamena egin dute.
Azkenik, kirol arloan, Anoeta, Kirol Hiri proiektua idazteko 150.000 euro erabiltzea proposatu dute, baita Matigoxotegi futbol zelaia berritzeko 350.000 euro bideratzea ere, eta beste horrenbeste Cesar Benito futbol zelairako. Bestalde, udalbiltzara 30.000 euro bideratu nahi dituzte.