Erraustegiko probek 100 dezibelioko zarata eragingo dute
Astelehenean, hilaren 9an, hasiko dira Zubietako Erraustegiko lurrun zirkuituko probak egiten, eta hamar egun iraungo dute, 7:00etatik 16:00etara. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren arabera, probek egunero 11:00etatik 13:00etara izango dute intentsitaterik altuena, eta 100 dezibelioko zarata egitera heldu daitezke. Zirkuitu hori eraikinaren albo batean dagoenez, zarata nahiko disimulatua izatea espero du partzuergoak, baina Zubietako inguruetan entzungo da.
Probek irauten duten bitartean, emisioak ere botako ditu Erraustegiak, baina, partzuergoaren arabera, ez dira kaltegarriak izango, lurruna baino ez baitu botako. Izan ere, hondakinen konbustioak sortutako beroak ura lurrun bihurtuko du, energia elektrikoa sortuko duen sortzailearen turbina mugitzeko. Prozesu horrekin, 160.000 MW/h sortzea aurreikusten dute, 45.000 etxebizitzaren behar energetikoak betetzeko.
Erraustegiko probak direla eta, Usurbilgo udalak krepe beltz bat jarri du udaletxeko balkoian, eta Erraustegiak bizilagunen osasunean izan dezakeen eraginarengatik kezkatuta agertu da. Era berean, Erraustegiaren aurkako manifestazio bat egingo dute ostiralean, SOS Usurbil, Erraustegia gelditu lelopean.