Etxegabeziaren aurkako elkarretaratzea egin dute
Gaur, abenduak 7, Etxegabeziaren Nazioarteko Eguna da, eta elkarretaratzea egin dute Donostiako Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikinaren aurrean, Arrats elkarteak, SOS Arrazakeriak eta Hiritarron Harrera Sareak deituta. Kaleak ez lukeela inorentzat izan behar aldarrikatu dute, eta hiriko kaleetan lo egiten dutenak “ehunka” direla nabarmendu dute. Elkarretaratzearen ondoren kanpaldia egitekoak baziren ere, antolatzaileek adierazi dute Eusko Jaurlaritzaren baimena zutela, bainaUdaltzaingoak jakinarazi diela hala eginez gero, parte-hartzaile guztiei isunak jarriko zizkietela, beraz, ez dute kanpaldirik egin.
Hiru eragile sozialek Donostiako etxegabeziari irtenbide bat emateko eskatu zioten astelehenean udalari, baita jantoki sozial iraunkor bat egokitzea eta udal aurrekontuetan etxegabeentzako diru zati berezitu bat aurreikustea ere. Izan ere, Caritasek EAEko pobrezia datuak argitaratu ditu, Foessa txostenekoak. Horren arabera, 334.000 lagun daude gizartetik baztertuta, eta horietatik 90.000 egoera baztertuenean daude; hau da, gizartetik kanporatuta. Gainera, EAE estatuko desberdintasun handienak dituztenen artean dago.