Obratan dagoen Maria Kristina zubiko espaloia zabalduko dute Gabonetarako, bidegorria moztuz
Maria Kristina zubiko lanak atzeratu egin dira azaroan, denboraleak eragindako olatuek aldamioaren zati bat ibaira bota baitzuten. Hori dela eta, lanak areagotu egingo dituzte abenduan, igande eta jaiegunetan ere lan eginez. Horregatik, Gabonetan zonalde horretatik jende asko ibiliko dela aurreikusiz, lanetan dagoen espaloia zabaltzea erabaki dute, alde horretako bidegorria moztuz. Beste aldeko bidegorriak norabide bakarrekoa izaten jarraituko du, beraz, hortik bizikletan pasa nahi duten herritarrek bizikletatik jaitsi eta oinez joan beharko dute. Autobus geltokiaren aldeko espaloia bere zabalera osoan laster irekitzea espero du udalak, baina bidegorriak espaloi guztiko lanak bukatu arte itxita jarraituko du.