Ostalaritza enpresa batek erosi du Idiakez kaleko eraikin publikoa
Donostiako ostalaritza enpresa batek enkante publikoan erosi du Idiakez kaleko 6. zenbakiko eraikin publikoa, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra izandakoa. 8.861.620 eurotan atera zen enkantera azaroaren 21ean, eta 8.886.620 eurotan erosi du aipatu enpresak. Bederatzi solairu eta 2.236 metro karratuko azalera erabilgarria ditu eraikinak, eta kargarik gabe erosi dute. Eraikina eskuratu ahal izateko, lizitazio tipo minimoaren %5 ordaindu behar zen aurretik, 443.000 euro, alegia.
Bizitza Da Handiena mugimenduak 2018ko maiatzeko Borroka Sozialen Astean eraikin hori okupatu zuen, urte luzez hutsik egon ondoren, eta zazpi egun egon ziren han mugimenduko kideak. Urte bereko irailean, ordea, Ertzaintzak gazte bat salatu zuen usurpazio delitu bat egotzita, eta epailearen aurretik pasa behar izan zuen. Aurtengo maiatzaren 14an egin behar zuten kasu horretako epaiketa, baina hiru aldiz atzeratu dute dagoeneko, eta oraindik ez dute egin.