Gabonen atarian dolua izango du hizpide Bidegin elkarteak, bederatzigarren urtez
Gertu dira Gabonetako oporrak eta adituen arabera, egun horiek eragin handia izaten dute pertsonen emozioetan. Bidegin elkartearen ustez, pasa diren urteetako oroitzapenak eta maiteak diren pertsonen falta nabariago izaten da familia eta lagunekin elkartzean. Horregatik, urtero bezala, Gabonetako jai egunetan suertatu daitezkeen egoera eta emozioak kudeatzen laguntzeko, doluan dauden familientzat iradokizunak egiteko bi hitzaldi antolatu ditu elkarteak, bederatzigarren urtez.
Lehen hitzaldia Oñatin egingo dute, eta, bigarrena Donostiako Okendo kultur etxean. Abenduaren 17an izango da, 19:00etan. Gabonak… eta etxean aulki bat hutsik lelopean, hainbat hizlarik parte hartuko dute solasaldian. Alde batetik, Bidegin elkarteko Izaskun Andonegik hitz egingo du, aringarrietako erizain eta galera larri, trauma eta doluaren inguruko adituak. Elkartearen sortzaileetako bat da Andonegi, eta esperientzia luzea du pertsonei dolu prozesuan lagun egiten. Indian hiru urtez bizitzen egon zen gaztetan, eta han heriotzarekin eta erditzeekin izandako esperientzia intentsuen ostean erabaki zuen erizaintza ikastea.
Bestetik, dolu prozesuak bizi izan dituzten hainbat pertsonak euren esperientziari buruz hitz egingo dute, hala nola, Ester Azpiazuk, Lurdes Olaizolak, Juxe Zuazuak eta Nerea Lafuentek. Amaitzeko, dantza eta kantu emanaldi bat antolatu dute, eta honakoak igoko dira oholtza gainera: Haizea Eguren, Irati Riaño, Ihintza Riaño, Lola Elbert, Enara Iribarren, Iratxe Uribelarrea, Eneritz Aranburu, eta Bidane Txopitea.