Harrera sareak bazkari afrikarra egingo du igandean Loiolako Hontza elkartean
Hiritarren Harrera Sareak bere laugarren bazkari afrikarra egingo du igandean Loiolan, Hontza elkartean. Auzoz auzo mugitzen doan egitasmo honek gastronomia afrikarra herritarrei hurbiltzea du helburu, Donostiak ez baitauka jatetxe afrikarrik, eta, bide batez, hirira bizitzera etorritako etorkinak eta euren errealitateak ezagutarazteko balio du.
Bazkariak 15 euroko prezioa izango du, eta diru hori, bazkariaren gastuak ordaintzeaz gain, laguntza behar duten etorkinen egoera hobetzeko erabiliko da. Aurretik, Antiguako Izurun elkartean, Egiako Arranon eta Groseko Marruman egin dituzte bazkariak.
Igandean 14:00etan bilduko dira Hontzan. Elkarteak plaza mugatuak dituenez, bazkarian parte hartzeko izena eman behar da aurretik, redacogidaciudadana@gmail.com helbidera idatziz edo 678693172 telefonora deituz.