Donostia Antzerki Sariko epaimahaian izena emateko epea ireki dute
Donostia Antzerki Saria ematen duen epaimahaian publikoko bi kide egoten dira, eta horiek aukeratzeko deialdia ireki dute. Abenduaren 19ra arte egongo da izena emateko epea zabalik, eta hilaren 20an egingo dute parte-hartzaile guztien arteko zozketa. Donostiako Udalaren webgunean eman daiteke izena. Epaimahaiko kide izateko baldintzak dira 2020ko urtarrilaren 1erako 18 urte izatea, donostiarra izatea, euskara jakitea eta antzerkia gustuko izatea. Hautatua izanez gero 2020an zehar Donostian ematen diren euskarazko antzezlan guztiak ikuste beharrezkoa da –10 edo 15 emanaldi inguru–, baita 2021eko urtarrilean edo otsailean gainontzeko epaimahaikideekin biltzea eta lan irabazlea bozkatzea ere. Era berean, 2020an programatuko diren euskarazko antzerki bakoitzeko bi sarrera jasoko dituzte epaimahaikideek, eta beste horrenbeste 2021eko programaziorako, behin epaimahaia utzi ondoren.
Donostia Kulturak eta Donostiako Euskara Zerbitzuak antolatzen dute Donostia Antzerki Saria, euskarazko antzerki profesionala sustatzeko eta indartzeko helburuarekin, eta martxoaren 27an, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, ematen diote saria aurreko urtean Donostian euskaraz eskainitako antzerki onenari. Irabazleak 12.000 euroko saria jasoko du.