Egiako komunitatea indartzeko proiektu bat sortu nahi dute Cactus tabernaren lokalean
Egiako hainbat auzotar proiektu berri bat diseinatzen ibili dira azken hilabeteetan, eta auzokideei aurkezteko asmoz, bilera ireki bat egingo dute ostiralean, abenduaren 13an. Hain zuzen, Plaza Berriko Cactus tabernaren eta alboko Txoko Internazionalistaren lokaletan kokatu nahi dute proiektua, eta helburua izango da “auzoko komunitatea indartzea eta kohesionatzea”. Era berean, proiektuaren bitartez, “burujabetasunaren inguruko aurrerapausoak” eman nahi dituzte, baita auzoko bizitza kulturala sustatu eta herri ekimena sendotu ere.
Bilera Txoko Internazionalistan izango da, 18:30ean, eta interesa duten bizilagunei bilerara joateko deia zabaldu diete antolatzaileek.