Errepresaliatutako hainbat ekintzaile feministaren aldeko jaialdia egingo dute Letaman gaztetxean
Joan den urtarrilean Maravillas gaztetxearen desalojoa eta Iruñeako Alde Zaharrak “pairatutako militarizazioa” salatzeko ekintza bat egin zuten hainbat ekintzaile feministak. Nafarroako hiriburuko El Vergel zubian zintzilikatu eta trafikoa moztu zuten hiru orduz. Ekintzaren ondorioz feministek jasotako errepresioaren aurrean, “elkartasun feminista” jaialdia antolatu dute abenduaren 20an Letaman gaztetxean.
Ez-mistotasunetik espazioak okupatzen lelopean, hainbat jarduera antolatu dituzte. 18:00etan hasiko dute jaialdia, eta lehen jarduera Espazio ez-mistoak borroka mistoetan mahai ingurua izango da. Solasaldian parte hartuko dute Joxepa Sardiak, Zirgari Donostiako Piraten lan-taldeak, Errekameak taldeak eta Itoizko Solidarioek. 20:30ean afaria egingo dute, eta izena emateko elkartasunfeminista@riseup.net helbidera mezu bat bidali behar da. Azkenik, 21:30ean, festa egingo dute, eta hainbat taldek kontzertuak egingo dituzte: Folkaraoke, Rumbapunk, Alu zikinak, DJ Bollo eta DJ Eman Emak.
Iruñean egindako ekintzan “feminismo antikapitalista eta autonomoa” aldarrikatu zuten ekintzaileek, eta Letamanen antolatutako jaialdian ere balio horiek jarri nahi dituzte mahai gainean. Halaber, gogoratu dute El Vergelko ekintzaren bidez, ekintzaileek “jabego pribatuaren aurka eta espazio askeen alde” egin zutela. “Emakume, bollera eta transek”, zein “historikoki baztertuak izan diren gorputzek” espazio okupatu eta autogestionatuetan eta ekintza zuzenetan parte hartzeko beharra aldarrikatu dute ohar batean.
Orotara, 24.000 euro
Ekintza Iruñean izanagatik, azaldu dute Donostian ere badirela errepresio kasuak, eta, horregatik, elkartasuna adierazteko garrantzia nabarmendu dute. “Donostian burututako ekintza feministekin elkartasunez ere antolatzen dugu egun hau”, adierazi dute. Urtarrilean egindako ekintzaren ondorio judizialak askotarikoak izan dira ekintzaile feministentzat. Ekintzan bertan atxiloketarik egon ez bazen ere, handik egun gutxira atxilotu egin zituzten ekintzan parte hartu zuten bi kideak. Desordena publikoa, desobedientzia eta bide publikoaren ordena asaldatu izana leporatu zieten, bide penaletik zabaldutako prozesuan. “Zorionez, prozesua artxibatua izan da”, jakinarazi dute.
Hala ere, ekintzagatik atxilotutako bi pertsonak ez dira izan errepresioa jaso duten bakarrak. Bi pertsona horiei eta ekintzaren orduan zubian identifikatutako beste hogei ekintzaileri Mozal legea aplikatu dietela azaldu dute. Hain zuzen, orotara, ekintzaile guztiei ezarritako isunek 24.000 euro batzen dituztela jakinarazi dute.