Klima aldaketari aurre egiteko Donostiako plana aurkeztu du Eneko Goiak Madrilen
CO2ren isuriak gutxitzeko bi garraio publiko ez kutsakor jarri ditu eredu: metroaren igarobidea eta Dbuseko autobus elektriko adimentsua.
Madrilgo COP25 Klimaren Goi Bileran parte hartu du Eneko Goia alkateak. Han azaldu du klima aldaketari aurre egiteko Donostiako egokitzapen plana. Hiriek aldaketa klimatikoari aurre egiteko aurrera eramaten ari diren egitasmoei buruzko mahai inguru batean egin du aurkezpena.
“Donostia kosta kilometro ugari dituen hiria da eta, ondorioz, itsasoaren igoeraren eta olatuen gaineko arriskuak ditu, baita uholde arriskua ere, Urumea ibaiaren bokalearen inguruan kokatuta dagoelako”, adierazi du.
Uholdeei aurre egiteko hainbat neurri aipatu ditu Goiak: “URA Euskal Uraren Agentziarekin elkarlanean hainbat jarduera burutu ditugu Loiola, Txomin eta Martutenen uholde arriskua saihesteko, hala nola, zubi zaharrak eraitsi ditugu zutaberik gabeko zubi berriak egiteko, eta Martutenen ubidea zabaltzeko proiektuaren lehen fasea egin dugu. Horri esker, auzoak, eta zehatzago esanda, El Pilar eremuak, albiste izateari utzi dio uholdeak direla eta”.
Hiria URAren eskutik ubidea zabaltzeko lanen bigarren fasean murgilduta dagoela gaineratu du, eta horri esker hiritar kopuru handi bat lasaiago biziko dela. Era berean, CO2ren isuriak gutxitzeko bi garraio publiko ez kutsakor jarri ditu eredu: metroaren igarobidea eta Dbuseko 17. lineako autobus elektriko adimentsua.