Loiolako Erriberako haur eskola berria egiteko proiektua onetsi du udalak
Tokiko Gobernu Batzarrak Loiolako Erriberako lokal bat egokitzeko proiektua onetsi du gaur, haur eskola jarri eta gizarte zerbitzugunea handitzeko. Proiektua gauzatzeko erabiliko duten lokala Gabriel Laffitte plazako 3. zenbakiko beheko solairuan dago, eta 345 m²-ko barne azalera du. Horietatik, 312 m² haur eskolarako izango direla jakinarazi dute, eta gainerako 32 m²-ak, gizarte zerbitzugunea handitzeko. Lanen aurrekontua 599.293 eurokoa da.
Udalak azaldu duenez, haur eskola berrirako, hainbat eremu egokituko dituzte. Alde batetik, 0-1 urtekoentzako gela bat jarriko dute, 40 m²-koa, eta gela horretan, honako guneak sortuko dituzte: jolastokia; lo egiteko lekua, zortzi sehaskaz hornitua; haurren garbiketa eta higienerako gune bat; eta elikagaiak prestatzeko gune bat.
Bestetik, 1-2 urtekoentzako bi gela jarriko dira; espazio horrek 40 m²-ko azalera izango du, eta honako guneak izango ditu: jolasteko eta egoteko toki bat; lo egiteko toki bat, hamahiru hamakaz hornitua; haurren garbiketa eta higienerako eremu bat; eta janaria prestatzeko eremu bat. Horrez gain, honako espazioak ere egokituko dituzte: erabilera askotariko gune bat, bulego bat, langileentzako aldagelak eta komunak, eta ume-kotxeentzako eremu bat, sarreraren ondoan.
Gizarte zerbitzugunean, berriz, handitu egingo dute lan eremua, eskaera handituko delakoan. Horretarako, oraingo zentroan, gaur egun bilera gela eta artxiboa dauden eremuan, bi bulego eta artxibo txikiago bat egingo dituzte, eta bilera tokia lokal berrira eramango dute.