Zortzi finalistak prest daude Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalerako
Azken txanpan sartu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean, hilaren 14an, finala jokatuko dute Ilunben, eta azken saiorako sailkatu diren zortzi bertsolariak prest daude egun handirako. Gaur aurkeztu dituzte finalaren nondik norakoak San Telmo Museoan, eta han izan dira zortzi bertsolariak, Saroi Jauregi Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakariarekin, eta Jon Insausti udaleko Kultura eta Euskarako zinegotziarekin.
Agin Laburu Rezola, Alaia Martin Etxebeste, Ane Labaka Mayoz, Beñat Gaztelumendi Arandia, Beñat Lizaso Alberdi, Jon Maia Soria, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariak igoko dira Ilunbeko oholtza gainera. Saioa 17:00etan hasiko da, eta ateak 15:30ean irekiko dituzte; Ion Zalduak eta Itziar Etxezarretak gidatuko dute saioa.
Duela hiru hilabete abiatu zen txapelketa Oñatin, eta hamabost saio egin dituzte orotara, Gipuzkoako hainbat herritan. Saroi Jauregik txapelketa osoan zehar lanean aritu diren pertsona guztien papera nabarmendu du, eta baieztatu du txapelketa “bide luzea, polita eta gogoangarria” dela. “Txapelketa Ilunbeko finala baino askoz gehiago da”, gaineratu du.
Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara zinegotziak Ilunbeko finalaren garrantzia azpimarratu du, eta baieztatu du Donostia “Euskararen Hiria” den heinean, bertsozaleen eta bertsolarien topagunea ere badela. Insaustiren ustez, horren erakusle dira hirian egiten diren hainbat egitasmo, esaterako, Koldo Mitxelena literatura lehiaketa: “Lehiaketa horretan bertsoen atala dago, eta arrakasta itzela izaten du. Beñat Gaztelumendik eta Ane Labakak, esaterako, saria lortu izan dute gaztetan”.
Lehen aldiz, lau emakume eta lau gizon izango dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, eta positibotzat jo dute kopuru hori. Gainera, nabarmendu dute azken finaletik igaro diren lau urteetan “gauza asko” aldatu direla, bertsolaritzan, zein gizartean. Beñat Gaztelumendik, baina, tentuz adierazi du finaleko kopurua parekidea izan arren, txapelketa ez dela hala izan, eta asko dagoela oraindik egiteko. Era berean, plazan gertatu diren aldaketak aipatu ditu, esaterako, “bertsolarien arteko kooperaziorako joera”, eta ikusleen jarrera aldaketa.
Txapela, prest
Xabier Gaztelumendi donostiarrak jarriko dio txapela irabazleari, eta Bertsozale elkarteak azaldu duenez, “urte luzetan egindako lan isila aitortu eta eskertu nahi dio” horrela Gaztelumendiri. 2002tik borondatezko “inurri lan nekaezinean” ibili da Gaztelumendi, lehenengo zortzi urteetan diruzaina izan baitzen, eta hurrengo zortzi urteetan idazkaria. Urte horietan guztietan zehar, Zuzendaritza Batzordeko eta Batzorde Ttipiko kide izan da, eta eguneroko lanak eta gauza operatiboak kudeatu ditu Administrazio Kontseiluko langileekin.
Irabazlea jakin aurretik, baina, saio luzea egin beharko dute bertsolariek. Finalaren lehen zatian, zortzi bertsolariek hamabosna bertso puntuagarri abestu beharko dituzte. Lehen zati horretan puntuazio altuena lortzen duten bi bertsolariak pasako dira bigarren atalera, eta beste hamar bertso puntuagarri abestu beharko dituzte. Saioko bi atalen puntuazioak batuko dira txapelduna erabakitzeko.
Sarrerak eta sarbideak
Finalerako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta horiek erosteko aukera izango da larunbat eguerdiko 13:00ak arte. Ordurako sarrera guztiak agortu ez badira, jakinarazi dute 15:00etan irekiko dutela Ilunbeko txarteldegia larunbatean, sarrerak erosi ahal izateko. Antolakuntzak eraikinaren bi aldeetatik gaituko ditu sarbideak, eta behin barruan, 1, 2, 10 eta 10 atearen inguruko eskailerak erabili ahal izango dituzte, 1, 2 eta 10 ateak harmailetara joateko, eta 10 atearen bi aldeetara dauden eskailerak, berriz, pistara joateko. Eremuaren barrura sartuta, nahi duten lekuan kokatu ahal izango dute ikusleek.
Mugikortasun behar bereziak dituzten pertsonen beharrak behar bezala kudeatzeko, antolakuntzari aurrez abisatzeko eskaria egin dute, eta, horretarako, gipuzkoakotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatzi eta 943 670 575 telefonora deitu ahalko da.