Zaurgarritasuna mahai gainean jarriko du XIV. Feministaldiak
Abian da Donostiako Kultura Feministaren jaialdia: Feministaldia. Gaur aurkeztu dute Pilulak lelopean Plazandreok plataformak antolatutako jaialdia, eta han izan dira Juana Aranguren, Plazandreok kolektiboko; Josebe Iturrioz eta Leire San Martin, Feministaldiko koordinatzaileak; Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria; Duñike Agirrezabalaga, Donostiako Berdintasun zinegotzia; eta Clara Montero, Tabakalerako kultura zuzendaria.
Egitarau zabala prestatu dute, eta, besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak, antzerkiak eta performanceak egingo dituzte. Gonbidatuen artean, berriz, ondokoak: Nancy Garin, Susana Talayero, Leire Aranberri, Ce Quimera, Elena/Urko PostOp, Iraitz Agirre Aranguren, Marta Malo, Irene Arrarats, Sam Fernandez, Diego Genderhacker, Sabrina Michelle Sanchez, Maria Zapata, Marta Plaza eta Susanna Minguell.
Jaialdia joan den abenduaren 8an hasi zen, eta abenduaren 14an, larunbatean amaituko da. Azken hamalau urteetan bezala, “egun kultura feministari lotuta dauden ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune” izan nahi du Feministaldiak, eta aurten, zaurgarritasuna, eromena eta desorekei begira jarri dira antolatzaileak. Aurtengoa “edizio berezia” dela adierazi du Leire San Martin jaialdiko koordinatzaileak, izan ere, jaialdia hasi aurretik, hitzaurre bat prestatu zuten. Paul B. Preciado eta Cristina Moralesek bi solasaldi egin zituzten, arrakasta handikoak, Tabakaleran eta Koldo Mitxelena kulturunean. Era berean, Tabakalerarekin ere elkarlana egin dute, eta abenduaren 8an eta 9an, hainbat jarduera egin zituzten han.
Aurtengo berrikuntza nagusia da leku aldaketa: Bidebietako Kontadores gazte zentroan egingo dituzte jarduera gehienak, eta jaialdi amaierako festa, Mogambon. “Azken urteetan hartzaileak ohituta zeuden Tabakalerarekin, eta orain, periferietara itzultzeko apustua egin dugu”, jakinarazi dute. “Hasierako Feministaldiaren Artelekuko urte haiek gogoan, gogoa genuen hiriak eskaintzen dituen beste bazter batzuetara jotzeko”, gehitu du Josebe Iturriozek.
Pilulak leloarekin, hainbat gai barnebildu nahi izan dituzte, esaterako, buru osasuna, prostituzioa eta transexualitatea. Hilaren 9an, adibidez, Zauriak dokumentala proiektatu zuten, buruko gaitzak eta feminismoa uztartzen dituen ikus-entzunezkoa. Jaialdia amaitzeko, urtero bezala, Feministaldiak festa bat antolatu du. Larunbatean, hilaren 14an, izango da Mogambo aretoan. 22:00etan hasiko da, eta, besteak beste, Folkaraokea eta Sobria&Serena DJ-ek joko dute.
Honakoak dira datozen egunetako jarduerak:
Abenduak 12, osteguna (Kontadoresen):
- 18:30ean, hitzaldia, Nancy Garin ikertzailearekin: Bizitzaren farmakologizazioaren aurrean “ongi bizitzearen” formak, GIB eta ihesaren aurkako mugimenduak.
- 20:00etan, Gunea ekintza, Susana Talayero eta Leire Aranberri artistekin.
- 20:30ean, Non human sex performancea, Quimera Rosarekin.
Abenduak 13, ostirala (Kontadoresen):
- 18:30ean, hitzaldia, Iraitz Agirre antropologo feministarekin: XIV. mendea aztergai. Genealogia feminista baterako gakoak.
- 19:30ean, hitzaldia, Marta Malo itzultzailearekin: Heziketa des/ordenak.
- 20:30ean, Patricia Pardo konpainiaren antzerkia: CUL KOMBAT. Gorputza eta kontrola. Gorputza eta generoa. Gorputza eta indarkeria.
Abenduak 14, larunbata (Kontadoresen):
- 12:00etan, hitzaldia, Irene Arrarats: Euskaldunok erotasunaren argi-itzalean.
- 13:00etan, mahai-ingurua, Sam Fernandez eta Diego Marchanterekin: Bitasunetik at, praktika artibistak.
- 15:00etan, siesta kolektiboa.
- 16:00etan, mahai-ingurua, Sabrina Sanchez eta Tere Maldonadorekin: Prostituzioa: elkarrizketa eta etika feminista.
- 18:00etan, mahai-ingurua, Maria Zapata, Susanna Minguell eta Marta Plazarekin: Buru osasuna eta feminismoak: zaurgarritasuna potentzial gisa.
- 19:30ean, antzerkia, Miren Gaztañaga eta Iraia Eliasekin: Agur eta dolore (Amancay Gaztañaga).
- 22:00etan, festa: La Basu, Folkaraokea eta Sobria & Serena Mogambo aretoan.