Beñat Gaztelumendi, laugarren aldiz Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean
Beñat Gaztelumendik laugarren aldiz kantatuko du larunbatean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean. Illunben egingo dute txapelketako azken saioa, eta Añorgakoarekin batera igoko dira oholtzara Agin Laburu, Alaia Martin, Ane Labaka, Beñat Lizaso , Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Saioa 17:00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus wegbunean.
Gaztelumendik eskarmentua du plazetan zein txapelketetan, eta, gaur egun, bera da Gipuzkoako txapelduna, 2015eko finalean txapela eskuratu zuelako. Gainera, bertsolaria beste bi alditan iritsi da finalera: 2007. urtean izan zen lehen aldiz, 20 urte zituela, eta bigarren gelditu zen; 2011n, finalisten artean egon zen, eta bigarren postua errepikatu zuen.
2015eko abenduaren 20an, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Alaia Martin eta Jon Maia aritu ziren Ilunben, eta buruz burukora iritsi ziren Martin eta Gaztelumendi. 1012 punturekin irabazle gelditu zen Añorgakoa, eta Inaxi Etxabek jantzi zion txapela; Martinek, 993 puntu lortu zituen. Hona hemen Gaztelumendiren azken agurra:
Mila esker Iker Alustizari
Esoain ta Sukiari
Eizagirretar bixkiei eta
Hernaniko kuadrillari.
Ume beldurti hau jartzearren
erratz batetik kantari
zuek bezela bertso-eskoletan
ari da jende ugari.
Konpromisoa eta jolasa
hitza direnez gauza bi
bertso-eskolaz bertso-eskola
belaunaldiz belaunaldi.
Hau zuentzat da zeratelako
ahots ematen ari
isilik egon behar zuela
esaten ziotenari.