Alfonso Morcillo omendu du Donostiako Udalak
Donostiako Udalak Alfonso Morcillo Udaltzaingoa omendu eta gogoratu du haren hilketaren 25. urteurrenean. Gaur goizean ekitaldia egin dute udalbatzar aretoan. Morcilloren senideak, Eneko Goia alkateak eta udal taldeetako ordezkariek parte hartu dute. Ondoren lore eskaintza bat egin dute Morcilloren izenean dagoen plakan.
Alkateak adierazi du “modu bidegabe eta krudelean” erail zutela, eta Morcilloren familiari udalbatzaren gertutasuna helarazi nahi izan dio. “Biktima guztien memoria, justizia eta erreparazioa dira bake eta askatasunean oinarritutako bizikidetzarako bidea”.
Ekimen honekin, Donostiako Udalak, Giza Eskubideen Batzordearen bitartez, konpromiso irmo bat mantentzen jarraitzen du: terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak herriaren oroimenean iraunaraztea eta haiei buruz egia kontatu, justizia egin eta ordain morala nahiz duintasuna emateko eskubidea zaintzea.
Alfonso Morcillo 1994ko abenduaren 15aren goizean erail zuen Lasarte-Orian ETAren talde batek, 40 urte zituela Donostiako Udaltzaingoko bere lanpostura zihoala.