Antiguako gudari nekaezina
Gazte sartu zen Gerardo Bujanda Sarasola (Antigua, 1919-2019) Saseta batailoian, eta 17 urteak frontean bete zituen. Hainbat urte preso eta erbestean egon bazen ere, EAJko buruzagitzan jarraitu zuen, eta Espainiako Kongresuan diputatu ere izan zen.
Gerardo Bujandak 15 urterekin hartu zuen lehen aldiz pistola bat. 1934ko Asturiasko Iraultzaren ondoren, ezkertiarrek elizak erretzeko arriskua zegoelakoan, guardiak egiten baitzituen Antiguako elizan eta Santa Rita komentuan. 1936an gerra piztu zenean, beraz, ez zuen zalantzarik izan, eta San Bartolomeko komentura joan zen, han gudari taldeak osatzen ari baitziren. Oiartzungo frontera bidali zuten, eta han bete zituen 17 urteak.
Handik gutxira, Saseta batailoia osatu bezain laster, Bujanda batailoiko kide izatera pasa zen, Beti Aurrera konpainian, hain justu. Bere anaia Benito batailoiko tenientea zen, eta frontean hil zuten. Gerardo eta bere beste anaia Inocencio, ordea, Santoñan atxilotu zituzten, 1937ko abuztuaren 25ean, Gerardok 18 urte bete zituen egunean. Gurasoak gazte hil zitzaizkienez, bere arreba Maria Luisak hartu zuen, 23 urte zituela, bere beste bi arreba txikien ardura, Francisca eta Rosariorena.
Lau urte inguru eman zituen Gerardok Espainiako hainbat lekutan bortxazko lanak egiten –lubakiak zulatzen, gorpuak lurpetik ateratzen, eta abar–, eta ia beste lau Afrikako iparraldean nahitaezko soldaduska egiten.
1945eko bukaeran itzuli zen Donostiara, eta klandestinitatean frankismoaren aurka jardun zuen, EAJko buruzagitzako kide gisa. Besteak beste, greba orokor bat antolatu zuen 1947an.
Bere lanpostua mantentzeko zailtasunak eta hainbat atxiloketa izan zituen Bujandak, 1950eko hamarkadan, bereziki. Hala ere, klandestinitatean jarraitu zuen, eta Euzkadi Irratian esatari aritu zen hainbat urtez, Jon de Igueldo ezizenarekin. Trantsizio garaian, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkeztu zen, eta Kongresuko diputatua izan zen 1977tik 1982ra.
Aurtengo irailean hil zen Bujanda, 100 urte zituela. Saseta batailoiko azken gudarietako bat zen, gure historia zuzenean bizi zuen azken lekukoetako bat.