Aste bat falta da San Tomas eguneko jairako
Donostiar askorentzat egun berezia da abenduaren 21: San Tomas eguna. Lehen, baserriaren errentak baserriko jabeei ordaintzeko hirira jaisten ziren baserritarrak San Tomas egunean, eta bide batez, baserrietan ekoiztutako produktuak saltzeko aprobetxatzen zuten. Egun, jaiaren izaera aldatu egin den arren, mantendu egiten ditu garai bateko estetika eta giro alaia. Gaur aurkeztu dituzte aurtengo feriaren nondik norakoak udaletxean, eta han izan dira jaiaren antolakuntzan parte hartu duten hainbat pertsona: Jon Insausti, Kulturako eta Euskarako zinegotzia; Mikel Zubeldia Gipuzkoako Erlezain Elkarteko presidentea; eta Gurutze Telleria eta Juan Luis Unzurrunzaga, Gero Axular Kultur Taldearen ordezkariak.
Larunbatean, abenduaren 21ean, 195 postu jarriko dituzte hirian zehar, eta han janaria, eskulangintzako eta beste hainbat motatako produktuak erosi ahal izango dira. Txistorra izango da protagonistetako bat, eta, orotara, 49 txistorra postu jarriko dituzte, gehienak Parte Zaharrean eta Erdialdean; gainera, beste mota batzuetako postu ugari egongo dira hiriko kaleetan, besteak beste, artisauen 40 postu, gozogintzako hamasei, gazta eta esneki saltzaileen hamabost eta taloen hamalau.
10:00etatik 21:00etara, hirian dozenaka jarduera eta lehiaketa egingo dira, eta Insaustik horietan emakumeek izango duten papera nabarmendu du. Hain zuzen, Trinitate plazan emakumeen I. Pala Txapelketa egingo dute 11:00etan. Ondoren, 12:00etan, emakumeen IV. Esku Pilota txapelketa izango da, eta, 13:30ean, emakumeen IV. Aizkolarien Urrezko Kopa. Bitartean, 13:15ean hasita, Asier Azpiroz Azpi-k eta Maialen Akizuk bertso saioa egingo dute han.
Era berean, Kulturako zinegotziak San Tomas feriako protagonista nabarmendu du: Ximona txerri emea. Leitzakoa da aurtengo animalia, eta Insaustik aurreratu du feriaren egunean 350 kilogramo inguru izango dituela. Konstituzio plazan egongo da ikusgai, urtero bezala. Ohikoak bilakatu diren hainbat jarduera ere egingo dituzte aurten, esaterako, Euskal Herriko XXIV. Txistorra lehiaketa, Lur gaien lehiaketa, Txorimalo erakusketa eta lehiaketa, eta abar.
Kultur eskaintza zabala
Aurkezpenean izan dira eguneko bi jarduera azpimarragarri antolatu dituzten pertsonak. Alde batetik, Mikel Zubeldia Gipuzkoako Erlezain Elkarteko presidenteak Donostialdeko ezti lehiaketari buruz hitz egin du. Parte Zaharreko San Juan kalean izango da, 10:00etatik 18:00etara, eta han izango dira Donostiako eta inguruetako ezti ekoizle ugari. Zubeldiaren arabera ezti denboraldi “bikaina” izan da aurtengoa, eta orotara, 9.000 kilogramo ezti jaso dituztela azaldu du. “Gipuzkoan dauden 400 eztigileetatik, laurdena Donostian edo inguruetan daude”, gaineratu du.
Axular Gero Kultur Taldeak Donostiako Baserritar Jantzien III. Lehiaketa egingo du Bulebarreko kioskoan, 11:30etik 12:45era. Gurutze Telleriak Dotore jantzi egitasmoaren berri eman du, eta nabarmendu du baserritar jantziari «merezi duen balioa» emateko asmoz hasi zutela duela urte batzuk proiektua. Gero Axularrekoak indartsu eta gogotsu daude egitasmoarekin, eta horren erakusle dira aurkeztu berri dituzten bi proiektuak: Harrotasunez, ez harrokeriaz liburua eta Dotoretruk, bigarren eskuko baserritar jantziak eta osagarriak online erosteko eta saltzeko ataria.
Zinegotziak azaldu du Donostiako Udalak lanean jarraitzen duela jaiak “garbiagoak eta jasangarriagoak” izan daitezen. Horretarako, 45.000 edalontzi berrerabilgarri eta txistorra eta talo postuetarako olioa biltzeko bidoiak jarriko dituzte, edukiontzien zerbitzua indartzeaz gain.
Honako estekan aurkitu daiteke San Tomas eguneko EGITARAU OSOA.