"Besteek aurretik ereindako hazien fruitua jasotzen ari gara"
Bere aurretik Realeko jokalari izan direnek egindako borroka aitortzeko gai da Mariasun Quiñones (Hondarribia, 1996) atezaina, eta orain, taldekideei, etorkizunean iritsiko direnentzako bidea egiten jarraitzea dagokiela uste du. Ligako jokalariek azaroan eginiko greba asmo tinko horren adibide garbia izan da.
Realaren emakumeen taldea soilik 8 urte zenituela sortu zuten. Lehen urte horiek oroitzen dituzu?
Txikitatik, mutilen taldea jarraitu izan nuen, eta 15 bat urte nituen arte ez nintzen jabetu emakumeen taldea ere hor zegoela. Familian oso futbolzaleak izan gara, baina lehen ez genekien emakumeak entrenatzen ibiltzen zirela, ezta lehenengo mailan zeudela ere. Azken finean, telebistan ikusten genuena mutilen futbola zen. Taldea ezagutu genuenetik, ordea, ez ginen Zubietatik ateratzen.
Zure lehen erreferenteak, hortaz, gizonezkoak izango ziren.
Bai, ikusgarritasuna haiena zelako. Urte horietan nik ez nuen atezain emakumerik izan erreferente gisa, eta gizonak jarraitzen nituen. Baziren entzuten ziren izen batzuk, Vero Boqueterena adibidez, baina gutxi ziren, ez zituztelako telebistan ateratzen.
Emakumeen futbolak bilakaera nabarmena izan du taldearen sorreraz geroztik, aurreko jokalariek eginiko bideari esker. Zer sentitzen duzu atzera begiratzen duzunean?
Haiek egindako lan guztia aintzat hartu behar da. Urte askoz egon dira lanean saririk jaso gabe. Haiek, noski, nahi zutelako eta futbola atsegin zutelako egiten zuten hori, baina aintzat hartzekoa da hala ere, orduan ereindako hazien fruitua orain jasotzen ari garelako. Beraiekin hitz egiteko aukera dugunean, sarritan esaten digute egungo egoera aprobetxatu egin behar dugula, orain duguna lortzea asko kostatu delako. Eta hori asko baloratzen dut.
Honakoa nire seigarren urtea da Realean, eta tarte honetan ere gauzak asko aldatu dira Zubietan. Lehen, adibidez, emakumeen taldekoak Gorabide eraikinean aldatzen ginen, harrobiarekin batera, baina orain Gainditun egiten dugu, mutilak aldatzen diren leku berean. Txorakeriak direla dirudi, baina halako gauzek asko esan nahi dute hemen gaudenontzat.
Taldera testuinguru erosoago batean iritsiko direnek orain arte eginiko borroka ahaztera iritsi daitezkeela uste duzu?
Bai. Denborarekin, aurrekoen sakrifizio horren jabetza galtzen joango dela uste dut. Izan ere, egindakoaren balioa ondo transmititzea ez da erraza, baina gu hori behar den modura egiten saiatuko gara. Pentsa, lehen entrenamenduak arratsaldez ziren, eta jendeak hori ikasketekin eta lanarekin uztartu behar zuen. Orain, astean hiru egunetan goizez entrenatzen dugu, eta esango nuke egun taldeko inork ez duela hemendik kanpo lan egiten.
Granadan irabazitako kopa beste askok urte luzez eginiko lanaren ondorioa ere izan da, hortaz.
Lortutakoa ez da urte bakarreko lanari esker izan. Hori garbi dago. Granadako finalean, Realetik pasatako beste jokalari askoren lana islatu zen, eta kopa, nolabait, haiei eginiko opari bat izan zen. Beraiei esker gaude hemen, eta titulua beraiena ere bada.
Zuei esker, berriz, gaur egungo gazteek badituzte emakumezko erreferenteak.
Txikien begirada urdurietan ikusten da hori. Orain hedabideetan agertzen gara eta gure aurpegiak ezagutzen dituzte. Gurekin entrenatzera datozen jokalari gazteengan ere nabaritzen da, baina guk beti errepikatzen diegu gu beraiek bezain normalak garela.
Zuek ere atzetik datozenentzako borrokan ari zarete hitzarmen kolektiboa lortzeko ahaleginekin.
Gauzak errazago daude orain, baina horrek ez du esan nahi dena eginda dagoenik, eta bidea egiten jarraitzea dagokigu. Badirudi grebarekin aurrerapauso bat lortu dugula, klubek gure eskariak jasoko dituztelako. Abenduaren 20an hitzarmena sinatuko dugu, eta, hortik aurrera, urtez urte jokalarion baldintzak hobetzen joatea espero dut.
Lan baldintzez gain, zer hobetu beharko litzateke hemendik aurrera?
Uste dut, orain arte, gure irudiek izan dezaketen oihartzuna ez dela behar bezain beste aprobetxatu. Kopatik hona, berriz, jendeak gu ikusteko gogoa duela sumatu dugu, eta horrek asko indartzen gaitu, zentzu guztietan. Uste dut bide hori jarraitu beharko litzatekeela, marketinaren bidez egiten duguna balioan jarriz jendearen interesa areagotuta.
Bestelako aitorpen batzuen faltan, aitorpen ofizialak bata bestearen atzetik iristen ari zaizkizue. Nola jaso duzue taldean Urrezko Danborraren albistea?
Sekulako pribilegioa da guretzat. Guk futbolarekin gozatu egiten dugu, eta gizarteak gainera saritu egin nahi gaituela jakitea izugarria da. Zailtasunak zailtasun, guretzat futbolean jokatzea gauza atsegina da, eta tamaina honetako aitorpenak jasotzea pentsaezina zen taldekideontzat.
Jendeak ez daki zer nolako harrotasuna sentitzen dugun zaleak Zubietako harmailan edo kanpoko zelaietan ikusten ditugunean. Huelvan izan dira, Sevillan ere… Partida oro, gu animatzera datorren zale multzo bat dugu alboan, eta hori ordaintzeko modurik ez dago. Granadan, etxetik ehunka kilometrora, harmaila kolore txuri-urdinez bete zuten, sentimendu hutsez. Hori da guk jaso dezakegun saririk handiena, eta denona da: jokalariona, lagun eta senideena, zaleena, eta baita aurretik izan ditugun jokalari guztiena ere.