"Donostian kultura asko dagoela diote, baina txaranga bat kalera ateratzen da jotzera, eta etxera joateko esaten diote"
Skakeitan taldearekin disko berria atera du Aitor Valcarlos (Amara, 1991) musikariak, eta musika bere bizimodua dela dio. Donostian hutsune bat ikusten du kultura alternatiboan, eta taberna bat irekiko du, hori betetzen saiatzeko.
Zergatik aukeratu duzu Pirpira?
Asko ibili izan gara betidanik hemendik, eta La Bodeguillara eta Pirpirara etortzen gara askotan. Barruko dekorazioa asko gustatzen zait, eta giroa ere bai.
Aurresku tabernan egiteko esan zenidan, baina itxita zegoen. Asko ibiltzen zara handik?
Ikatz kalean atera izan gara parrandan betidanik, eta asko ibiltzen gara han. Aurresku tabernako Elenitaren oso lagunak egin gara, eta ‘bulegoa’ deitzen diogu tabernari, bulegoan baino denbora gehiago pasatzen dugulako han [barreak]. Oso tratu berezia daukagu berarekin, eta oso taberna berezia da guretzat. Berak beti esaten du nire hirugarren ama dela (nire gurasoak bananduta daude eta bakoitzak bere bikotekidea dauka, horregatik hirugarrena).
Zure taberna propioa irekiko duzu laster, ezta?
Leize Gorria taberna zena irekiko dut, beste lagun batekin. Orain obratan gaude, eta urte hasierarako, urtarrilaren 3 edo 4rako, irekitzea da asmoa, Koba taberna izenarekin. Bi solairu ditu: lurraren arrasean dago taberna, eta behean pub-a. Lan asko egiten ari gara, baina gogoa daukat irekitzeko, eta nire kezka bakarra dirua izateko.
Kontzertuak egingo dituzue?
Goiko partea taberna tradizional bat izango da; pintxoak jarriko ditugu, kafea hartzeko leku bat izango da, eta abar. Beheko partea, aldiz, gauza kulturalak egitera bideratuko dugu: kontzertu akustikoak, bakarrizketak, hitzaldiak, erakusketak… Kultura asko barne hartzea da asmoa. Ez da gauari begira soilik egongo, ez dugu publiko Bataplan zalea nahi, jende alternatiboa nahi dugu. Hau da, Bataplanen zonalde horretan dagoen girotik pixka bat bereizi nahi dugu. Inor diskriminatu gabe, baina Donostiari eremu alternatibo bat eman nahi diogu.
Amarakoa izanda, nola ikusten duzu auzoa?
Orain giro asko dagoela uste dut. Orain auzo guztia obratan dagoela ikusten duzu, baina uste dut zonalde polita dela egoteko, eta etorkizunean atseginagoa izango dela. Auzoaren balioa handitu dela uste dut, ez ekonomikoki, baizik eta giro aldetik.
Ikatz kalean asko ibiltzen zarela aipatu duzu. Nola ikusten duzu hiriko zonalde hori?
Parte Zaharrean azkenaldian ikusi dut gero eta gazte gutxiago ibiltzen direla. Ni gazteagoa nintzenean, ostegunetan ateratzen ginen eta jendea zegoen, baina gaur egun ez. Nabaritu dut jende gazte gehiago ibiltzen dela Antiguan ostegunetan. Hala ere, larunbatetan giro ona egoten da Ikatz kalean.
Musikara pasatuz, txikitatik jotzen duzu?
Tronpeta eta tronboia jotzen ditut. Kontserbatorioan tronpeta ikasi nuen, eta hori da nire instrumentu nagusia, baina tronboia beharrarengatik ikasi nuen. Amak erosi zidan tronboi bat, eta nire kabuz ikasi nuen jotzen. Hain zuzen, Skakeitan taldean tronboia jotzen dut.
Zure anaia ere musikaria da. Etxe horrek eromena izan behar zuen, ezta?
Bai, nire anaia [Gorka Valcarlos] Skakeitaneko tronpeta da, eta familiako guztiak musikariak gara. Nire aita tronpeta-jotzailea da, nire anaia eta ni ere bai, eta amak klarinetea eta trikitixa jotzen ditu. Beraz, beti buila handia egin dugu. Hala ere, bizilagunak ez dira inoiz asko kexatu, egia esan. Ez gara inoiz zaratarekin asko pasa, baina musika gure bizimodua da. Ez naiz musikatik bizi, baina ez nuke nire bizitza musikarik gabe ulertuko, eta noizbait uzten badut, gauza oso garrantzitsu batengatik izango da. Aitak 56 urte ditu, eta berdina esaten dit, utziko duela ezin duenean gehiago jo.
Nola galdu denbora argitaratu berri duzue Skakeitanekin.
Durangoko Azokan aurkeztu dugu, eta harrera ona izan du. Disko desberdin bat da, elektronikoagoa, eta jendeari gustatzen ari zaio. Badago agian tradizionalagoa den jendea, diskoa ez zaiona hainbeste gustatu edo zuzenean gustatu ez zaiona, baina gure helburua gu gustura gelditzea izan da, eta lortu dugu.
Disko guztiak desberdinak egin ditugu. Bizitzan eboluzionatzen eta hazten garen moduan, musika aldetik ere hazten gara, eta duela hamar urte nituen erreferenteak ez dira gaur egungo berdinak. Disko bakoitzean eskaloi bat igotzen joan gara, eta uste dut disko honek islatzen duela gaur egun zer garen.
Disko honetan besteetan baino haize gutxiago daude. Zergatik?
Gure helburuetako bat zen haize melodia patatero edo dantzagarri horiek kentzea. Ni, haize gisa, nekatuta nengoen beti berdina egiteaz, eta beste zerbait bilatu dugu oraingoan. Zazpi abesti ditu diskoak, eta lautan jotzen dugu haizeok. Gutxi jo dugu, baina jo duguna saiatu gara amodio gehiagorekin egitean, barrutik ateratzen eta polita egiten. Disko honetan planteatu duguna da ez ditugula zertan instrumentu guztiak abesti guztietan sartu behar.
Mugarria izan zen zuentzat Donostiako Piraten abestia egitea?
Abestia grabatu genuen uda horretan, asko entzun zen, eta gaur egungo kontzertuetan ere jendea gehien motibatzen duen abestia da. Gu Piratetan ibili izan gara beti, eta guretzat oso berezia izan zen kanta hori egitea.
Azkenaldian, Olatz Salvador taldekidea bakarka egiten ari den ibilbidearengatik nabarmentzen ari da. Nola ikusten duzu bere eboluzioa?
Oso ondo iruditzen zait taldetik kanpo egiten ari den ibilbidea, eta Zintzilik diskoa asko gustatzen zait. Duela gutxi diskoaren aurkezpen bira bukatu zuen Viktoria Eugenia Antzokian, eta tronpeta jotzen egon nintzen. Nire aita [Mikel Valcarlos] eta Olatzen aita [Eduardo Salvador] eta osaba [Iñaki Salvador] Mikel Laboaren musikariak ziren, eta elkar ezagutu genuenean esan nion noizbait guk jo behar genuela Laboaren abestiren bat. Antzinako bihotz kanta jo genuen Viktoria Eugenian, eta oso hunkigarria izan zen, nire aitarekin musika partekatu zutenekin jo nuelako.
Hesian eta Esne Beltza taldeekin ere jo izan duzu, ezta?
Hesianekin lauzpabost urte egon nintzen jotzen, Esne Beltzarekin uda bat, Tajon Prietorekin ere jo nuen, Liherren lehenengo diskoan haizeak grabatu nituen, Culto Cultivo rap abeslariekin ere, Physis Versus Nomosekin ere bai… Gustatzen zait musikari desberdinekin jotzea. Uste dut Donostiako musikariok elkar lagundu behar dugula, denok daukagulako besteez asko ikasteko.
Txaranga batzuetan ere jo izan duzu. Nolako da txaranga batean jotzea?
Ez da nire indargunea, baina batzuetan jotzen dut. 10 urte nituenetik jo izan dut Tolosako inauterietako txarangatan. Anaia eta biok ume mokoak ginenean, aitarekin joaten ginen Tolosara jotzera, eta miseria asko pasa dugu han. 8:00etan hasten ginen jotzen, eta hotza pasa dugu, beroa, elurrarekin eta euriarekin jo dugu… Ondoren, 17 edo 18 urte genituenean, parrandan egoten ginen gau guztia, eta pare bat ordu lo egin ondoren joaten ginen egun guztian zehar jotzera. Baina horrek indartsuak egin gaitu musika aldetik.
Tolosako inauteriekin alderatuta, Donostian ez dago ezer. Hain zuzen, Joselontxos txarangarekin ere jo izan dut, eta noizbait atera izan direnean beraien kabuz jotzera, gelditzeko agindua eman diete. Donostian kultura asko dagoela esaten dute, baina txaranga bat kalera ateratzen da jotzera, eta etxera joateko esaten diote, ez dut ulertzen. Hori niretzat ez da kultura, anti-kultura da. Donostia Kultura oso ondo dago, gauza asko egiten dituzte, baina gehiago egin behar dira. Hau da, ez dut nik lokal bat ireki behar gauza desberdinak egiteko. 2016ko Kultur Hiriburutza oso ondo egon zen eta gauza asko egon ziren, baina orain zer? Postureoa izan zen.
Zer daukazu esku artean?
Ni gerontologoa naiz, pertsona zaharrekin lan egiten dut, baina Eusko Jaurlaritzaren menpeko langilea izateko oposizioak gainditu nituen ekainean, eta lan aldaketa hori egitea espero dut. Izan ere, orain daukadan lanarekin asteburuetan ere lan egin behar dut, eta ez da erraza hori musikarekin uztartzea.
Gomendatuko zenuke Donostiako musikari edo talderen bat?
Bere garaian Tacumah reggae taldean jo nuen, eta talde horretako David Tacumah gomendatuko nuke. Reggae musikaren kulturan oso aberatsa da, behin bere etxean egon nintzen eta 500 binilo ikusi nituen han.