Donostian tasa turistikoa ezartzeko prozedura abiatu du udalak
Ernesto Gasco Turismo zinegotziak jakinarazi du udalaren asmoa, eta 2021eko urtarriletik aurrera aplikatzea aurreikusten du ordenantza baten bidez.
Eusko Jaurlaritzak EAEn tasa turistiko bat ezartzea baztertu arren, alduendiek zerga hori jartzeko eskumena izango dute. Gipuzkoako Aldundian horren aldekoa da, eta baita Donostia ere. Horrela, Ernesto Gasco Turismo zinegotziak adierazi du hiriak tasa turistikoa ezartzeko bidea abiatuko duela, eta 2021eko urtarriletik aurrera aplikatzea aurreikusten du ordenantza baten bidez.
“Donostia Euskadiko turismoaren hiriburua da, eta bisitari kopuruak nabarmen egin du gora azken urteotan. Zentzuduna da, beste turismo leku batzuetan gertatzen den bezala, tasa bat sortzea, hiriaren beraren onuragarri”, azaldu du Gascok. Era berean, esan du “hiritarren eskaria” dela tasa turistikoa, eta “jasangarritasun arrazoiak” aintzak hartzen dituela. Gainera, udalarentzat urtean “lau milioi euro” inguruko diru-sarrerak izan ditzakeela.
Tasa turistikoa ezartzeko udal ordenantza berri bat abian jartzearen alde egin du Turismo zinegotziak. “Kanpoko pertsona bakoitzak egunero hirian gaua pasatzeagatik ordaindu behar duen kanona ezarriko du ordenantzak. Esaterako, kanona euro batekoa izan daiteke, ostatu merkeenentzat, eta bost eurokoa lau eta bost izarreko hotelentzat”.