Gizonena zen munduan lekua egiteko borroka
Realeko emakumezkoen taldeak bere historiako urterik onena bizi izan du 2019an. Izan ere, maiatzean Granadan irabazitako kopari Gipuzkoa Kirol Saria eta Urrezko Danborra batu zaizkio azken egunetan.
Honaino heltzeko bidea, ordea, ez da horren gozoa izan, lehenago taldetik igaro diren jokalariek borroka luzea egin behar izan dutelako zilegitasunez zegokien lekua aldarrikatzeko.
Optimismo hutsean erori gabe, Gipuzkoako emakumeen futbolak inoizko unerik gozoenak bizi ditu egungo garaietan. Izan ere, zentzu gehiegitan oraindik hobetu beharreko gauzak dauden arren, egungo panorama ikusita, ukaezina da 1980ko hamarkadan emakume futbolaria izatea gauza guztiz ezberdina zela. Ordutik hona, urteetan zehar eta oinarritik eginiko lanari esker, kirolaren ikusgarritasuna modu nabarmenean areagotzea lortu da, eta horrek eragin zuzena izan du lurraldeko klubetan.
Realak, Gipuzkoako ordezkari nagusi gisa, bere historiako urterik oparoena bizi izan du 2019 honetan. Izan ere, gero eta gehiago diren zaleen babesarekin, taldeak erreginaren kopa irabaztea lortu zuen maiatzean, Granadan jokaturiko final historikoan. Balentria horrekin, taldeak indarrez aldarrikatu zuen emakumeen kirolari gizartean zilegitasunez dagokion espazioa, eta, geroztik, aitorpenak bata bestearen atzetik datozkio. Joan den astean, esaterako, klubeko jokalariek Gipuzkoa Kirol Saria jaso zuten Tabakaleran eginiko galan, eta, bi egun lehenago, Realaren hockey taldeko kideekin batera Urrezko Danborra jasoko dutela jakin zuten ere.
Arrakasta hori, ordea, ez da egun batetik bestera eginiko lanari esker iritsi. Izan ere, asko izan dira urteetan zehar anonimotasunetik eta ordainsaririk jaso gabe jardun duten jokalariak. Euren sakrifizioarekin eginiko bideak jarraitutasuna izan behar du orain.
Gipuzkoako piramidearen punta
Realaren taldea Gipuzkoako emakumeen futbolaren punta izateko sortu zen 2004an –gizonena 1909an eratu zen–, lurraldeko klub guztien babesarekin. Proiektu amankomun horrek, indarrak batu eta Gipuzkoan Reala buru izango zuen nolabaiteko piramide bat sortzea zuen helburu.
Estatuan, emakumeen futbola 1980ko hamarkada erdialdean egituratu zen, eta talde gipuzkoarrak erreferente izan ziren bere hastapenetatik. Oiartzunek, esaterako, liga irabazi zuen 1990-91 denboraldian, eta, bere atzetik, Añorgak beste hiru titulu eskuratu zituen 1992 eta 1996 urteen bitartean. Urteek aurrera egin ahala, ordea, klubek ikusi zuten goi mailako kategoriak exijentzia ekonomiko handiegiak zituela, eta baita jokalari garrantzitsuak kanpora joaten ari zitzaizkiela ere. Horregatik, behingoz indarrak batzeko unea iritsi zela erabaki zuten.
2000. urtean diseinaturiko plan estrategiko bat jarraituz, proiektuak Realaren izena eramango zuela adostu zuten Gipuzkoako klub guztien artean. Benetako borondatearekin eginiko keinua izan zen, erabaki horrekin, talde askok euren potentziala murriztu zutelako. Izan ere, urte horietan, lurraldeko jokalari onenak Zubietatik pasa ziren lehen taldearen parte izateko probak gainditzeko asmoz.
Dena egiteko zuen taldea
Taldearen sorrera gertutik bizi izan zuen Garbiñe Etxeberriak, egungo klubeko kirol zuzendariak. Lehen urte horietan, Iñigo Dominguezekin batera, Realeko entrenatzaile lanetan aritu zen, eta lehenengo taldea osatzeko ardura, hortaz, berari zegokion: “Zubietatik guztira 100 bat jokalari pasa ziren, eta horietatik soilik 19 aukeratu behar izan genituen”. Horien artean, Aintzane Encinas donostiarra zegoen, taldeko jokalari gazteena. Encinasek soilik 16 urte zituela jantzi zuen Realeko kamiseta, eta, geroztik, beste hamahiru urtez defendatu zuen. 388 norgehiagoka jokatuta, Realarekin partida gehien egin dituen jokalaria da, eta 2017an erretiroa hartu zuen arren, egun klubean jarraitzen du, bigarren taldeko entrenatzaile gisa.
Bai Etxeberriak eta bai Encinasek ongi gogoratzen dituzte Realaren hastapenak. Taldea berria zenez, lehenengo mailan lehiatzeko hainbat aukera izan zituzten mahai gainean. Horien artean, klub bat bereganatzea edo Superligako plaza bat erostea zeuden, baina zuzendaritzak azkenean kategoria baxuenetik lehiatzen hastea erabaki zuen. Horregatik, taldeak bi igoera lortu behar izan zituen jarraian 2006-07 denboraldian Superligara iritsi ahal izateko.
Merezitakoa justifikatzeko borroka
Soilik mutilen futbola jarraitzen zuen gizarte batean ikusgarritasuna izateko borroka egiteaz gain, Realeko neskek esfortzu handiak egin izan dituzte, baita klub barruan ere, behar den modura aitortuak izateko: “Hona iritsi ginenean berriak ginen”, gogoratu du Encinasek. “Ez ginen Realekoak sentitzen, jendeak arraro begiratzen gintuelako. Orain neskak klubean guztiz murgilduta daude, baina lehen gauzak ez ziren horrelakoak. Etengabe borrokatuz, guk ere hemen egotea merezi dugula erakutsi behar izan genuen”.
Zentzu berean mintzatu da Etxeberria ere: “Egun batetik bestera, mutilen estruktura batean sartu ginen, eta bidea egin gabe zegoenez, urtero gure espazioa konkistatzen joan behar izan dugu”. Bide horretan, lorpen txikienerako ere borroka handia egin behar izan zuten Realeko jokalariek. “Gure arropa garbitzea, urte amaieran elastiko bat ematea… Gauza txikiak direla dirudi, baina asko esan nahi dute, eta horiek lortzea asko kosta zitzaigun taldekideoi”, adierazi du Encinasek.
Jokalarien lan baldintzei dagokienez ere, gauzak asko aldatu dira taldearen sorreratik. Hasieran, taldekideek ez zuten inolako ordainsaririk jasotzen, futbolari egunero lanordu ugari eskaintzen zizkioten arren. 2012ko urtarrilean, ordea, Reala jokalariei lan kontratuak egin zizkien ligako lehen kluba bilakatu zen, eta, hilabete gutxira, fitxa profesionalak egin zizkien lehena izan zen ere. Etxeberriak azaldu duenez, geroztik, taldeko kide guztiek jaso dute soldata bat, txikia bazen ere: “Klubaren asmoa jokalariek egiten zutenari balioa ematea zen. Soldata aldetik ez zuten dirutzarik jaso, baina ideia garrantzitsu bat azaleratu zen: kirolaria zarenez, lan kontratu bat dagokizu. Emakumeen profesionalizazioarentzako abiapuntu bat izan zen”.
Hitzarmena, hurrengo pausoa
Realak bere jokalariei eskaintzen dizkien lan baldintzak beste klub batzuenak baino hobeak diren arren, taldekideek bat egin zuten azaroan ligako jokalariek hitzarmen kolektibo baten alde egin zuten grebarekin. Azaroaren 17ko jardunaldian, jokalariek planto egin zuten, eta partida guztiak bertan behera geratu ziren. Egoera horren aurrean, 24 orduko epean jokalarien sindikatuak eta kluben elkarteak lehen akordio bat lortu zuten, baldintzak negoziatu eta liga desblokeatzeko.
Gatazkako bi alderdien desadostasun nagusia jokalarien lanaldiaren iraupenari dagokio. Futbolariek lanaldia gutxienez %75ekoa izatea eskatzen dute, horrek soldatetan eta bestelako lan baldintzetan eragin zuzena duelako, eta klubek jardun erdiko gutxieneko kontratuak nahi zituzten arren, badirudi eskaria onartu egingo dutela.
“Realaren egoera bestelakoa izan daitekeen arren, ligako jokalari askok ez dituzte gutxieneko baldintzak jasotzen, eta horregatik ari gara borrokan”, adierazi du Encinasek. Etxeberriak, berriz, talka kluben ikuspuntutik ere aztertu beharra dagoela uste du: “Lan hitzarmen egokiarekin asmatu behar dugu, klub guztiek jasan ditzaketen minimoak dituena”.
Hala ere, biek bat egiten dute jokalarien baldintzak hobetzeko beharrarekin, eta marketinean sakonduta, lehiaketa “hobeto saldu” beharko litzatekeela nabarmendu dute: “Oraindik asko dago egiteko”.
Ikusgarritasuna eta aitorpena
Realak –eta emakumeen futbolak, orokorrean– azken urteetan jasan duen aldaketarik nabarmenena ikusgarritasunari dagokio. Iazko maiatzean, adibidez, Anoetako ateak lehen aldiz ireki zitzaizkion emakumeen taldeari, eta geroztik beste hiru aldiz jokatu du lehen soilik mutilena zen estadioan.
Etxeberriak keinu horren balioa aintzat hartu du, taldeari ikusgarritasuna eta aitorpena ematen diola uste duelako, baina Anoetan herritarren partetik jaso duten babesa “puntuala” izan dela azpimarratu du: “Zale hori geureganatzea eta finkatzea lortzen badugu, bidea errazagoa egingo zaigu”.
Horregatik, bi astero estadio bat betetzera heltzeko, aurretik beste pauso batzuk eman behar direla uste du kirol zuzendariak, eta horietako bat jendea Zubietara erakartzea da. Hala ere, aurten zaleen partetik jasotzen ari diren babesarekin pozik agertu dira Encinas eta Etxeberria, harmailan 1.500 zale izatera iritsi direla gogoratuz.
Izan ere, emakumeen kirolak gero eta errekonozimendu gehiago du Gipuzkoan, eta erakundeen partetik jasotako aitorpen ofizialak horren adibide dira: “Urrezko Danborra jasotzea izugarrizko ohorea da Realeko jokalariontzat, guri egokitu zaigulako, baina hor atzean dagoena emakume kirolari guztientzako aitorpena da”, adierazi du Encinasek. Hala ere, haiek jaso dezaketen “saririk handiena” herritarren partetik datorrela azaldu du jokalari ohiak: “Nahikariren kamiseta daraman haur bat topatzea edo taberna batean taldearen posterra ikustea… Detaile txikiak dira, baina oso pozgarriak. Jendeak orain badaki neskek ere futbolean jokatzen dutela”.
Etorkizun oparoa
Ziurra da Realean orain arteko bidea egin duten kideen lanak jarraitutasuna izango duela etorkizunean ere. Izan ere, klubak ligako talde gazteenetako bat dauka, eta hori gutxi balitz, iazko denboraldian bigarren taldea estreinatu zuen. Hala ere, itxaropenerako arrazoi nagusia beherago dago: Gipuzkoako oinarrizko futbolak dituen 2.500 nesken etorkizunean, hain zuzen. Horiek izango dira, hemendik gutxira, hainbeste borroka ostean lorturiko guztia aprobetxatu eta emakumeen futbola gizartean merezi duen lekura eramango dutenak.