Denboralea gogor astintzen ari da Donostia
Jarraipen eguneratua egiten ari da IRUTXULOKO HITZA, Donostiako Udalak helarazten duen informazioarekin. 200 inzidentzia daude irekita hainbat erorketa direla eta.
Azken orduko informazioaren arabera, 200 inzidentzia daude irekita hainbat erorketa direla eta. Hala nola, zuhaitzak, objektuak, semaforoak, gabonetako argiak, edukiontziak eta farolak. Une honetan hirik kale guztiak daude irekita.
Bizkaia pasealekuan bi bide ireki dira. Etxeetatik gertuen dagoen espaloian lanean ari dira hainbat zuhaitzekin, eta gertuen dagoen bidea itxita dago. Zuhaiztiko kiroldegia dagoeneko irekita dago. Altzako udal gimnasioa berriz ere ireki dute.
Bestalde, Igeldon zuhaitz batek etxebizitza pribatu baten argindarraren gainean erortzeko arriskua du. Eta une honetan lanean ari dira Errondo eta Zubiaurre pasealekuetan bi zuhaitz trenbidera erortzeko arriskuan daudelako.
Alerta laranja
Babes Zibilak jakitera eman duenez, atzo iragarritako neurriak mantentzen dituela haize bolada indartsuengatik eta olatu handiengatik.
Paseo Berria guztiz itxiko da (oinezkoentzat zein ibilgailuentzat). Era berean, Salamanca pasealekua Jauregi Generaletik aurrera itxiko da, bai oinezkoentzat, baita ibilgailuentzat ere. Aldamar kalea Soraluze kaletik aurrera itxiko da, eta Zuloaga plaza San Telmo Museotik eta Principe zinematik aurrera itxiko da.
Alerta laranja egoeretan ohi denez, Leizaola pasealekua oinezkoentzat itxiko da. Era berean, Kursaal zubiaren iparraldeko espaloia eta bidegorria itxi egingo dira, eta Zurriolako hondartzako sarrerak guztiak ere itxi egingo dira.
Nautikoaren terraza eta pasarela itxi egingo dira. Kontxako hondartzako sarrera guztiak itxi egingo dira, Cervantes plazatik Loretope arte. Era berean, boladizoa ere itxita egongo da. Ondarreta hondartzako sarrera guztiak itxi egingo dira. Eduardo Chillida pasealekua Ondarretako arrapalatik aurrera itxi egingo da, Haizearen Orrazia barne. Loretope behatokia ere itxi egingo da.
Egoera bere horretan mantenduko da bihar goizera arte (8:00ak). Orduan egingo dute ikuskapena. Dena ondo badoa, bihar, arratsaldeko lehenengo orduan abisu horira pasako ginateke, eta beraz, mozketa bakarra honakoa izango litzateke: Paseleku berria ibilgailuentzat.
Haizetea dela eta, bihar goizeko 8a arte iraungo dute neurriek. Ondorioz, hiriko parkeek segidako egoeran jarraituko dute Aietekoa zatika itxiko da. Irekita egongo da zahar etxera eta kultur etxera sartzeko. Egiako parkea guztiz itxita, Urgull zatika itxita –bakarrik Orixe ikastolara sartu ahal izango da–, Miramar jauregia zatika itxita –bakarrik jauregira sartzen utziko da–, Oroimenaren parkea guztiz itxita eta Serafin Baroja parkea guztiz itxita.
Berria egunkariko Jon O. Urain kazetariak denboralearen argazki eta bideoen bilduma egin du Twitterren.
Arropa zintzilikatzeko egun aproposa Donostian; haize latza. Oraintxe, Easo kaleko eta Antso jakituneko zirkulazioa etenda, zuhaitz bat erori eta gero. Garraio publiko nahiz pribatua Bizkaia pasealekutik @berria pic.twitter.com/M9WFOoQQpG
— Jon O. Urain (@olano_urkia) December 13, 2019
Gaueko kalteak
Iragarrita zegoen haizeteak gogor jo du bart gauean. Donostiako Udalak jakitera eman duenez, Gudamendin orduko 100 kilometrotik gora egin du haizeak hainbatetan, eta gehienez orduko 126 kilometroko bolada bat izan da 5:20ean. Aldiz, gaueko itsasgora gogorra izan den arren, ez du aparteko arazorik sortu. Ibaiak, ordea, ur kopuru handia darama.
Gauean zehar Babes Zibilak hainbat dei jaso ditu, gehien bat edukiontziak, hesiak, semaforoak eta kanaloiren bat zirela eta. Horrez gain, hirian sorturiko lehen kalteen zerrenda bat osatu du udalak.
Goizaldean Ondarretako tenis eremuko igerilekuaren estalkia mugitu du haizeak. Suhiltzaileak bertaratu dira eta gunea itxi dute segurtasuna bermatzeko. Arduradunak bertan dira ahalik eta azkarren instalazioa konpontzeko.
Hainbat zuhaitz erori dira, Aldakonean, Mendeurrenaren plazan, GI-20 saihesbidean, Errondon, Lugaritzen, Urbian, Ubegin eta Karlos I.a hiribidean.
Koldo Mitxelenaren ondoan dagoen Gabonetako merkatuaren plaka batzuk eraman ditu haizeak. Arduradunak bertan daude, segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen.
Lasalle ikastetxearen azpiko Euskotreneko trenbidera hesi batzuk erori dira. Trenen trafikoa eten behar izan da une batez, suhiltzaileek hesi horiek kendu arte. Konstituzio plazan ere teila batzuk erori dira.